Asier AIESTARAN

TKE Ligak lehen bisita egingo du Galiziara asteburu honetan

A Coruñako banderak ipiniko dira jokoan Eusko Label eta Euskotren Ligetan. Bandera bakarra banatuko da maila bakoitzean, baina jardunaldi bakoitzak puntuak banatuko ditu sailkapen nagusirako.

Arraun Lagunak, aurreko igandeko estropadan (Aritz LOIOLA / FOKU)
Arraun Lagunak, aurreko igandeko estropadan (Aritz LOIOLA / FOKU)

TKE Ligako traineruek Galiziako uretan dute hitzordua asteburu honetan, Eusko Label Ligako III Bandeira Cidade da Coruña eta Euskotren Ligako II Bandeira Cidade da Coruña jokatzeko. Ohikoa denez, bi jardunalditara erabakiko dira banderaren irabazleak baina Riazor hondartzako estropada bakoitzak puntuak banatuko ditu sailkapen nagusirako.

Larunbateko proba 18.00etan hasiko da Euskotren Ligako estropadarekin. Gogoratu behar da, lehen bi jardunaldiak jokatuta, Donostia Arraun Lagunak eta Orio zazpi punturekin berdinduta daudela sailkapen nagusian. Donostiarrak lau puntu ditu eta Hondarribiak bi.

Neskek lana amaitzen dutenean, gizonezkoen proba hasiko da eta txandak sailkapen nagusiaren arabera osatuko dira. Lehen txandan Astillero, San Pedro, Lekittarra eta Ondarroa irtengo dira; bigarrenean Kaiku, Cabo, Urdaibai eta Donostiarra; eta hirugarrenean Zierbena, Santurtzi, Hondarribia eta Orio.

Lau estropadaren ostean, Orio da liderra 46 punturekin eta tarte dezentea irekita, baina atzetik sekulako parekotasuna dago: Hondarribiak 39 puntu ditu, Santurtzik eta Zierbenak 38, eta Donostiarrak 36. Urdaibai apur bat atzera gelditu da, seigarren 29 punturekin, baina kontuan izan behar da azken urteetan sekulako emaitzak lortu dituela Galiziako uretan: han jokatutako azken hamar estropadetatik zortzi bermeotarrek irabazi dituzte.

Igandean, emakumezkoen hitzordua 11.40an hasiko da eta gizonezkoena 12.00ak aldera. Kasu honetan, txandak bezperako emaitzen arabera antolatuko dituzte.

Beste ligak, Plentzian eta Mutrikun

Asteburuan beste bi traineru estropada ere jokatuko dira. KAE-1 Ligari dagokionez, hitzordua larunbatean da, Plentzian, 18.30ean hasita. XXXI. Plentziako Ikurrina –Xabier Aranaren Omenez– ipiniko da jokoan eta ohiko estropada izango da: lau luze eta hiru ziaboga itsaso zabalean.

Lehen txandan Lapurdi, Hibaika, Zumaia eta Santoña irtengo dira; bigarrenean Camargo, Getaria, Pedreña eta Arkote; eta hirugarrenean Donostiarra B, San Juan, Deustu eta Zarautz. Liderra Zarautz da 46 punturekin eta Deustu bigarren dago 43rekin –tartea zabaltzen hasi dira biak–.

KAE-2 Ligari dagokionez, III. Mutrikuko Yurrita Group Bandera larunbatean 17.00etan jokatuko da. Hau ere ohiko estropada da, eta txandak hauexek: aurrenekoan Castro AN, Mutriku eta San Juan B; bigarrenean Portu-Deusto, Busturialdea, Hondarribia B eta Portugalete; hirugarrenean Castro, Bermeo B, Getxo eta Orio B.

Orio B da liderra 30 punturekin, baina berdintasun handia dago: zortzi punturen barruan sei ontzi daude.