NAIZ
Donostia

Joxe Azurmendiren pentsamendua ezagutzeko kongresua egingo dute EHUk eta ‘Jakin’ek

Joxe Azurmendiren pentsamendua ezagutzeko eta ezagutzera emateko kongresua antolatu dute abenduaren 11tik 13ra EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak eta ‘Jakin’ek.

Azurmendi, azken liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)
Azurmendi, azken liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

«Sinesten dudalako ur-jauzi sisteman», hala esan zuen behin Joxe Azurmendik bere saiakeren zergatiaz galdetuta. «Nire ideiak norbaitek irakurtzen ditu, eta bere ideiak martxan jartzen dira. Horrek ez du beste saiakera bat idatziko, baizik nobela bat idatziko du. Orduan, ideia hauek ur-jauzi modura iritsi egiten dira iritsi behar duten tokira. Hau da nire esperantza behintzat».

Esperantza horrekin Joxe Azurmendik idatziak ditu 40 liburu eta 500 artikulu inguru, azken mende erdiko Euskal Herriaren eta mundu aldakorraren lekukotza direnak. Bere obrak gizaberearen, kulturaren, nazioaren, pentsamendu sozialaren, filosofiaren historiaren, poesiaren edo erlijioaren esparruak ukitzen ditu eta erreferentzia dira euskarazko pentsamenduan.

Ur-jauziaren emari horretan sakonduz, EHUren eta ‘Jakin’en elkarlanetik, ‘Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia’ kongresua egingo da abenduaren 11tik 13ra, Donostiako San Telmo Museoan.

Joxe Azurmendiren ekarpenak euskal pentsamenduan izan duen eragina jasotzea eta lantzea helburu du kongresu horrek. Azurmendiren pentsamenduak euskal kulturan izan duen eraginaren aitortza eta filosofo gisa euskal pentsalari, idazle, irakasle eta ikasleen artean duen erreferentzia eta ezagutza handitzea dira hitzorduaren beste xedeetako batzuk.

Horregatik, publikoari guztiz irekia egongo den hitzordua izango da eta nahi duen oro bertaratu ahal izango da hitzaldiak entzutera.

Orain arte hogeita hamar hizlari gonbidatuk baieztatu dute haien parte hartzea, horien artean, Lorea Agirre, Miren Azkarate, Agnes Cugno, Victor Gomez-Pin eta Joseba Zulaika.