Naiz

Prokuradoreak helegitea ezarri du ahate hazleen auzian

ELB sindikatuak jakitera eman duenez, prokuradoreak helegitea ezarri du iragan uztailaren 23an Baionako auzitegiak jakitera eman zuen ahate hazleen auziari buruzko erabakiaren kontra. Gertakari horietatik bi urte iragan ondoan, «dei egiteko erabaki hau ezin sinetsia da», laborarien sindikatuak ohar batean salatu duenez.

Baionan iragan zen auzian -lehenago Pauen izan zen epaiketan gertatu bezala- «administrazioari traba egiteagatik» epaituak izan ziren ahate hazle guztiak xurituak izan ziren.

Alta, ELB sindikatuaren kontra 2.000 euroko isuna eman zuen epaileak. Paueko auzian, ordea. 5.000 euroko zigorra eman zuen jujeak.

Prokuradoreak, ordea, erabakiaren kontra helegitea ezartzeko urratsa eman du. Gertakarietatik bi urte iragan direnean, ELB sindikatuaren ustez «dei egiteko erabaki hau ezin sinetsia da».

Sanoak ziren ahateak ez hiltzeko laborariek harturiko erabakia zigortzeko urrats berri horrekin, estatuak «lehen bezala orain ere» elkarrizketari bide emateko prest ez dagoela salatu du ELBk.

«Dei egiteko erabaki harrigarri horrekin, berriz ere ohartzen gira Estatuak, prefetak eta administrazio sanitarioak ez dutela solasaren bidea nahi baizik eta konfrontazioarekin jarraitu», nabarmendu du sindikatuak, geroari begira etor daitezkeen bertze auziei aurre egiteko prest dela gaineratuz.

«Administrazioak zer du irabazteko gizarte problematika inportantak -kalitatezko janaria, hazle ttipiak, ingurumenaren zaintzea...- defendatzen
dituztenak zigortuz ?», galdetu du, jarraian, ELBk.

Finean, «errepresioa izanik ere, laborantxa herrikoiaren alde borrokatzen
segituko dugu», agerian utzi du sindikatuak.