Ane URKIRI
Donostia

Ipuruan Rocasaren aurka Superkopa jokatzea «eszenatoki perfektua» da Alvarezentzat

Super Amara Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarez «etxera» itzuliko da larunbatean. Umea zela Arraten hasi zen eskubaloian eta bertan abiatu zuen entrenatzaile ibilbidea 2006an. Rocasa arerio izango du eta ermuarraren helburua, beti bezala, «irabaztea» izango da.

Imanol Alvarez, Bera Berako entrenatzailea, ostegun goizeko prentsaurrekoan.
Imanol Alvarez, Bera Berako entrenatzailea, ostegun goizeko prentsaurrekoan.

Eibarren hasi zen eskubaloian Imanol Alvarez, eta bertan abiatu zuen entrenatzaile ibilbidea. Orain, larunbatean, Bera Berako entrenatzaile gisa itzuliko da Ipurua kiroldegira, Rocasaren aurka Superkopa irabazteko prestu. «Hain justu, gaur Bidebietara nentorrela, orduko oroitzapenak gogoratu ditut. Gogoratu dut 2006an entrenatzaile gisa zuzendu nuen aurreneko neurketak, bertako eskailerak nola igo nituen...».

Une gozo horiek berriro errepikatzeko irrikaz dago, lagun asko ditu bertan eta giro ederra biziko dela ziurtatu du hedabideen aurrean. Era berean, gogotsu dago bere taldearen egiazko ahalmena non dagoen ikusteko. Aurredenboraldian ondo lehiatu dutela ados dago baina Rocasa bezalako arerio bat aurrean izatea, denboraldiko aurreneko titulua jokoan dagoela, taldeak nola erantzuten duen ikusi nahi du: «Rocasa arerio gisa, titulua jokoan eta Eibarko kiroldegian... eszenatoki perfektua da».

Aurreneko aldiz jokatzeko moduan izango ditu 15 jokalari –Renata Arrudak zail izango du jokatzea baina espero du aulkitik Castellanos laguntzea–. Boada, Pizzo eta Gil arretaz entrenatzen aritu dira aste honetan, «larunbatean ahalik eta egokien egoteko». Maria O'Mullony izango da baja bakarra, ezker belauneko aurreko lotailu gurutzatuko lesiotik errekuperatzen baitago.

Hamargarren Superkopa

Iazko denboraldian itzuli zen Bidebietara Imanol Alvarez eta Gijonen aurka jokaturiko Superkopa irabaziz hasi zuen denboraldia. Liberbank Gijon talde indartsua zela nabarmentzearekin batera –«orduko Kopako txapelduna zen eta guretzat errebantxa moduko bat izan zen»– adierazi du Rocasak azkeneko liga irabazi duela eta aurten Championseko atarikoa jokatuko duela: «Talde indartsua da, liga irabazteko borrokan egongo da berriro ere. Aurredenboraldian jokalari batzuk min hartuta izan ditu, guk ere eduki ditugu, eta adi egon beharko gara».

Entrenatzaile ermuarrak ere uste du defentsa izango dela neurketako gakoa, asteartean kapitainek adierazi legez. «Defentsa sendoa egiten badugu, kontraerasoan sartzen ditugun golekin erosoago arituko gara erasoan», azpimarratu du.

Pozik dago Alvarez, nabari zaio eta ziurtatu du talde indartsua osatu duela. Jokalari berriak, batzuk min hartuta egon badira ere, erraz egokitu dira. «Maila handiko jokalariak dira», ñabartu du.

Hamargarren Superkopa jokatuko du Bera Berak –hogeigarren edizioa da aurtengoa; hau da, erdiak jokatu ditu– eta zazpi irabazi ditu, hauetatik hiru Rocasa menderatu ostean. Irabazteko izan dezakeen presioa «ona» dela zehaztu du: «Hobeto horrela. Beti gaude irabaztera behartuta eta galdu dituenak baino gauza gehiago irabazi ditu. Zorioneko presioa da, irabazteko jokatzen dugu».