
Atauri Art jaialdiak zortzigarren edizioa beteko du aurten Arabako Mendialdean. Arratiandi kultur elkarteko ordezkariek eta Bapateanek Gasteizko ARTgia Sorgune aretoan aurkeztu zuten atzo aurtengo kartela. Artearen bitartez fokua jarri dute despopulazioaren aurkako borrokan.
Jaialdia 2012an hasi zen Ataurin, hogei biztanle baino zertxobait gehiago dituen herrian. «Zirku eta kaleko antzerki jaialdia antolatzearen erronkari aurre egiten diogu, batetik, eskualdeko kultura eskaintza osatzeko, eta, bestetik, kultura herriguneetara hedatzeko», adierazi zuen Bapateaneko Isra Cuadradok.
Iazko formatuari eutsiko diote. Hala, asteburu nagusia Ataurin egingo dute irailaren 6an, 7an eta 8an, eta bi ikuskizun gehiago izango dira irailaren 14an eta 15ean, Azazetan eta Korresen, hurrenez hurren. Beste bi ekitaldi ere antolatu dituzte urrian eta azaroan.
Atauri Art jaialdiak hamar ikuskizun eskainiko ditu guztira; tartean, “El Sauce”, antzerki inklusiboa egiten duen Azikarte Elkartearen eskutik, Kenyatik datorren “Might Jambo” konpainia edo txikientzako ipuin kontaketak eta tailerrak.
Arratiandi Kultur Elkarteko Ruth Ibisateren ustez, «Atauri Art zirku eta antzerki jaialdi bat baino askoz gehiago da, gure landa herria aldarrikatzeko modu bat da, txikia baina bizia eta etorkizun handikoa. Horregatik, aurten nabarmendu nahi izan dugu artearentzako guneak sortuz ere despopulazioaren aurka egin daitekeela». Testuinguru horretan kokatu dute urriko jardunaldirako antolatu duten “Soñando un lugar” filmaren emankizuna. Landa eremuetako despopulazioaren borroka jorratzen du filmak, euren alaba jaio eta gero herri txiki batera bizitzera joatea erabakitzen duen artista bikote baten eskutik.
Atauri Art jaialdiko antolatzaileek nabarmendu dutenez, «apustu zabala, askotarikoa eta kalitatezkoa egin dugu. Ikusle guztientzako ikuskizunak daude, artista asko, zenbait espazio eta, batez ere, bere jaialdiaz harro den herri bat eta publiko konprometitua».
«Atauri Art badabilela eta boluntarioak ez direla faltako jakin badakigu ere, lehen urteko nerbioak izaten jarraitzen dugu oraindik. Artistak gustura egotea, itzuli nahi izatea, garrantzitsua da guretzat, baita ikusleek ikuskizunak gogoratzean irri egitea ere. Hilabeteak daramatzagu dena prestatzen, iraileko asteburua itzela da, baina argi dugu ahaleginak merezi duela, jende askok Atauri mapan jartzen baitu jaialdiari esker», adierazi du Xabier Orive Arratiandikoa Atauriko herritarrak.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Intensidad, fútbol, emociones, polémica y empate en el derbi vasco de San Mamés (1-1)

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción
