NAIZ
Lezo

Lezon hildako langilearengatik protesta egin dute sindikatuek

Ipintza industrialdegian sarreran mobilizazioa egin dute astearte honetan pasa den astean Kuluxka faktorian hil zen 26 urteko langilearen heriotza gaitzesteko. Gehiengo sindikalak 11.30ean egin du elkarretaratzea eta CCOO ordu erdi lehenago bildu da.

Lezoko Ipintza industrialdegiaren sarreran gehiengo sindikalak egin duen mobilizazioa.(Maialen ANDRES / FOKU)
Lezoko Ipintza industrialdegiaren sarreran gehiengo sindikalak egin duen mobilizazioa.(Maialen ANDRES / FOKU)

Pasa den ostiralean 26 urteko langile bat hil zen Lezoko Kuluxka enpresan lanean ari zela. Beran kokatua dagoen Recacor enpresako behargina zen. Garabiekin lan egiten du Kuluxka enpresak eta mantenu lanak egiten zebilen langilea.

LABek egunean bertan jakinarazi zuen gurpilaren neumatikoaren eztanda baten ondotik hil zela, ezbeharraren arrazoiak argitzeke zeuden arren.

Astearte honetan azken lan istripu hilgarria gaitzesteko Lezoko Ipintza industrialdegian bi elkarretaratze egin dituzte sindikatuek deituta, Kuluxka enpresa bertan baitago kokatuta. Gehiengo sindikalaren deialdia 11.30ean izan da, industrialdegiaren sarreran dagoen biribilgunean. Istripuaren arrazoiak eta lan baldintzak lehenbailehen ikertzeko eskakizuna luzatu dute.

«Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea» leloa duen pankartapean elkarretaratu dira eta LABeko Oarso-Bidasoko arduradun Kristina Getek gogora ekarri du dagoeneko 31 langile hil direla aurten Euskal Herrian: «Argi dugu lan istripuak ez direla kasualitateak sortutakoak. Ematen diren prekarizazioaren eta lan baldintzen okertzearen ondorio zuzena dira».

ELAk oroitarazi du laneko ezbeharren atzean «patronalaren diru-gosea eta erakunde publikoen utzikeria» daudela. «Enpresek irabazi ekonomikoak eta produktibitatea lehenesten dituzte langileen segurtasun baldintzen gainetik, eta horren ondorioz azpikontratazio kateak, gehiegizko lan erritmoak eta prekaritatea agertzen dira», adierazi du.

CCOOk, bestalde, ordu erdi lehenago egin du protesta industrialdean eta nabarmendu du lan istripu honetan subkontratazioa «presente» zegoela.