GARA
SESTAO

Carrefourren eraso sexista pairatu zuen lankideari babesa

Sestaoko Carrefour supermerkatuko langile batek eraso sexista pairatu zuen abuztuaren 24an. Atzo, enpresa batzordeak mobilizazioa egin zuen lankideari babesa adierazteko. Lanera seguru iritsi eta etxera bizirik bueltatzeko eskubidea aldarrikatu zuten langileek.

Sestaoko Carrefourreko enpresa batzordeak (CCOO, LAB eta UGT) mobilizazioa egin zuen atzo, abuztuaren 24an lankide batek pairatu zuen eraso sexista gaitzetsi eta behargina babesteko.

Atzoko elkarretaratzearen harira enpresa batzordeak ohar bat argitaratu zuen, eta bertan nabarmendu zuten Carrefourreko lankideari «modu basatian» eraso egin ziotela. «Ez da kasualitatea, eta ezta ere inguru honetan emakume batek indarkeria sexista jasaten duen lehen aldia», gaineratu zuten.

Ez zuten xehetasun gehiegirik eskaini, baina adierazi zuten txanda gauean amaitu edo goizean goiz hasten duten emakumeen segurtasuna ez dela bermatzen. «Lanera seguru iritsi eta etxera bizirik bueltatzeko eskubidea» aldarrikatu zuten.

Hau ondorioztatzeko, zehaztu zuten emakumeak direla garraio publikoaren erabiltzaile nagusiak lanpostuetara joan eta etxera itzultzeko garaian, emakumeak «okerren ordaindutako enplegu prekarioetara kondenatuta» daudelako.

«Autobusa edo metroa erabili ahal izateko, behartuta gaude gure segurtasunerako puntu beltza den bide batetik joatera, batez ere gaueko 22.30ean amaitzen diren edo goizeko 05.00etan hasten diren txandak egiten ditugunean», ohartarazi zuten.

Ibai Zaharra industrialdean dago kokatua supermerkatua eta bertako langileen segurtasuna bermatzea exijitu zuten: «Horretarako, instituzio eta erakundeek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte».

EHUko udako ikastaroa

Laneko erasoekin jarraituz, EHUko udako ikastaroetan lanpostuetan gertatzen den biolentzia eta jazarpenari buruzko ikastaroa hasi zen atzo: “Laneko indarkeria eta jazarpena Lanaren Nazioarteko Erakundearen mendeurrenean”. Lakuako Lan eta Justizia sailburu Maria Jesus San Jose sailburuak inauguratu zuen. Laneko jazarpena deuseztatzeko eman beharreko urratsen «tinkotasuna» bermatzea administrazioen betebeharra dela gaineratu zuen.