
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ikastoletako lan hitzarmen berria sinatu dute astelehen honetan LABek, Ikastolen Elkarteak eta Eusko Ikastola Batzak. Sindikatuaren esanetan, hitzarmen berri honek iazko abenduaren 4an sinaturio akordioan lortutako hobekuntza guztiak jasotzen ditu. «Urrats garrantzitsua da ikastoletan emandakoa», adierazi du.
«Eusko Jaurlaritzak langileoi inposatu zizkigun murrizketa gogorren ostean, ikastoletan lan hitzarmen berritua sinatu dugu azkenean», nabarmendu du ikastoletan gehiengoa duen sindikatuak (%75). Azaldu du EAEko ikastola gutzietan eta ikastoletako langile guztiei aplikatuko zaiela –5.700 langile inguru–: «Ikastoletako langileon garaipen kolektiboa dela esan dezakegu beraz, langileengandik eta langile guztiontzako egina».
Hobekuntzak zehaztu ditu eta, besteak beste, lortu dute 0-3 urtetako hezitzaileei urteko lanorduak jaistea, ordaindutako bi egun libre edukiz eta ordu osagarriak gehituz. Ziklo berean izaera asistentziala zuen hezitzaile laguntzaile kategoria desagertuko da.
Bestalde, Hezkuntza Laguntza Espezialistek astean ordu osagarri bat edukiko dute, AZPko langileek ikasturtean ordaindutako bi egun libre izango dituzte, garbiketa metrajeak eta bazkalkide ratioak finkatzeko batzorde-teknikoa martxan jarriko da eta langileen lanbide-sustapena bultzatzeko eta kontratazioetan gardentasuna bermatzeko prozedurak zehaztuko dira.
Lansari taula berriak zehaztea soldata igoerarekin eta DBHko lizentziatuen soldatak homologatzea ere jasotzen da hitzarmenean, hala nola 60 urtetik aurrera astean bi eskola ordu osagarri bihurtzeko aukera izatea ere. Aurreikusitako egun osoko baja kasuetan ordezkapenak lehenengo egunetik betetzea, ikastoletan kaleratzeak ekiditeko eszedente eta beharren prozedurak zehaztea eta urriaren 12an eta abenduaren 6an lanera joateko aukera izatea –emandako lanorduak konpentsatuz– bezalako aldarrikapenak ere adostu dituzte.
Hau guztia hitzarmenean jasota, LABek zehaztu du hilabete gutxi barru 2020rako lan hitzarmena negoziatzeari ekin behar diotela eta, beraz, «bidea ez da hemen amaitzen».
ELAren desadostasuna
Akordioa LABek bakarrik sinatu du eta espero legez, ELAk bere desadostasunak plazaratu ditu astearte honetan. Abenduaren 4an sinaturiko akordio hura ez zuen sinatu ELAk, «gabezia larriak zituelako, eta nagusiki Ikastoletako langileen lan baldintzen balizko hobekuntza baterako funtseskoak diren edukiak negoziaziotik at utzi zirelako».
«Abenduan salatu genuen sinatutako akordioak ez zuela birkokapena eta lanpostuen mantentzea bermatzen, ez zuela lan kargak arintzeko neurri eraginkorrik jasotzen, ez zuela kolektibo prekario eta feminizatuenen baldintzetan hobekuntza nabarmenik ez eta erosahalmenaren berreskurapenean pauso esanguratsurik suposatzen ere», gogoratu du ELAk.
Horregatik, abenduko akordio hura berresteagatik, hain zuzen, kexu agertu da eta bere ustetan «sektore honetan ordezkaritza daukagunok, gure negoziazio kolektiborako eskubidea erabili behar dugu, negoziazio edukien inguruko muga edo betorik gabe».

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca
