NAIZ

Euskal Herriko langabezia tasa %8,82ra igo da 2019ko hirugarren hiruhilekoan

Euskal Herriko langabezia tasa %8,82koa da, 2019ko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera. 0,56 puntu hazi da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Populazio Aktiboaren Inkestaren eta INSEE estatistika institutu frantsesaren datuak iturri hartuta Gaindegiak kalkulatu duenez, 130.400 langabe daude zazpi herrialdeetan.

Emakume bat, Lanbideren bulegoan sartzen, Errenterian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Emakume bat, Lanbideren bulegoan sartzen, Errenterian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

2019ko hirugarren hiruhilekoan gora egin du langabezia tasak Euskal Herrian, aurreko epe berberarekin alderatuta, Gaindegiak INE Estatistika Institutu espainiarraren datuak iturri hartuta zabaldu duenez. %8,82koa da zehazki, bigarren hiruhilekoan baino 0,56 puntu handiagoa.

Guztira, INEren datuak eta INSEE estatistika institutu frantsesarenak kontuan hartuta, 130.400 langabe daude Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 7.200 gehiago, Gaindegiak ohar batean azaldu duenez. Horietatik 120.800 Hego Euskal Herriari dagozkio, eta 9.600 Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereari.

Herrialdeka, Bizkaian 58.400 pertsona zeuden lanik gabe, aurreko hiruhilekoan baino 5.800 gehiago; Nafarroan 25.900, aurrekoan baino 1.800 gehiago; Gipuzkoan beherantz egin du, 20.500 langabe zenbatu dituzte, aurrekoan baino 3.400 gutxiago; Araban ere gora egin du langabe kopuruak, hirugarren hiruhilekoan 16.000 zeuden, bigarrenean baino 3.200 gehiago.

Langabezia tasari dagokionez, Bizkaiak du altuena, %10,87koa; nabarmen egin du gora herrialde horretan (+%1,13). Araban %10;23koa da; hemen ere hazi egin da (+%2,19). Nafarroan %8,19koa da tasa (+%0,61).

Gipuzkoak du langabezia tasarik baxuena, %6,19koa; %0,94 jaitsi da. Ipar Euskal Herrian ere jaitsiera izan da, baina oso apala, %0,07koa INSEEren arabera.