Naiz
Gasteiz

Lekualdatzeen alorrean akordioa sinatu du Osakidetzak gutxiengo sindikalarekin

Osakidetzako Mahai Sektoriala gaur goizean bildu da eta bertan sinatu da lekualdatzeen alorreko akordioa Satse, SME eta UGT sindikatuen sinadurekin. ELA, LAB eta CCOOk uko egin diote, hirugarrenez, Mahaian parte hartzeari, eduki guztiak aldez aurretik jarraipen batzordean negoziatuta, itxita eta sinatuta daudela iritzita. 

Osakidetzako negoziazio kolektiboaren aldeko elkarretaratzea.(ELA)
Osakidetzako negoziazio kolektiboaren aldeko elkarretaratzea.(ELA)

Lekualdatzeen alorreko akordioa sinatu du astearte honetan Osakidetzako zuzendaritzak Satse, SME eta UGT sindikatuekin. Hitzarmena Mahai Sektorialean adostu dute. ELA, LAB eta CCOOk −gehiengoa dute sektorean− uko egin diote, hirugarrenez, Mahaian parte hartzeari, bertako edukiak aurretiaz negoziatuta daudela iritzita. 

Akordioa sinatu dutenek adierazi dutenez, hitzarmena «berria» da eta lekualdatzeen prozesua arintzen duelakoan daude. UGTk zehaztu du Osakidetzako langile finkoak diren horiek interesekoak zaizkien lekuak aukeratu ahal izango dituztela eta lehentasuna izango dutela. Deialdi bateratu bat osatuko da eta lekualdatzeak sei hilabeteren buruan zehaztu ahal izango dira. 

Lekualdatzeen alorreko akordioaz gain, barneko mugikortasunari dagokionez ere hitzarmena sinatu da Satse eta SME sindikatuen babesarekin. Kasu honetan, UGT ez da ados agertu. Bere iritziz, formakuntza ere kontuan hartu behar da mugikortasunean. 

ELA, LAB eta CCOOren ukoa

ELA, LAB eta CCOO ez dira bertaratu Osakidetzako Mahai Sektorialaren bilerara, pasa den ostiralean egin bezala. Bileraren gai-zerrendako eduki guztiak aldez aurretik negoziatuta, itxita eta daudela iritzi dute. Uste dute jarraipen batzordeko bileran adosten dituztela edukiak Osakidetzako zuzendaritza eta batzordeko parte diren SME, Satse eta UGT sindikatuek. 

Hala, sektore mahaia −berez negoziazio kolektiborako legezko eta zilegizko esparru bakarra− edukiz hustu izana leporatzen diote Osakidetzako zuzendaritzari. 

Zehaztu dutenez, hirugarren aldia da gehiengoa osatzen duten sindikatuek Mahai Sektorialari uko egiten diotela. Aurrenekoan, urriaren 8an, bilerara bertaratu ziren baina mahaitik altxatu ziren edukiak aldez aurretik negoziatuta zeudela ikustean. Urriaren 25ean, goizeko lehen orduan, iragarri zuten ez zirela bilerara bertaratuko eta Osakidetzako zuzendari Juan Luis Diegok adierazi zuen erabakia «harrigarria» izan zela

Orduan, sindikatuek argi azpimarratu zuten Mahai Sektorialera ez zirela itzuliko Osakidetzak jokaera aldatu ezean; hau da, Mahaiko edukiak jarraipen batzordean adostuta eramaten bazituen. Astearte honetan iruditu zaie euskal osasun zerbitzuak ez duela jokabidez aldatu. 

Mahai «paralelo» bat

2017ko Enplegu Akordioa sinatu zuten sindikatuek osatzen dute jarraipen batzordea. SME, Satse eta UGT dira partaideak. ELA, LAB eta CCOOren iritziz, «negoziazio-mahai paralelo bat sortu du» Osakidetzako zuzendaritzak. 

«Neurri horrekin Osakidetzak negoziazio kolektiborako eta askatasun sindikalerako eskubideak baldintza baten menpe jarri ditu: bere akordioak sinatzearen menpe, beti ere, sindikatuen ordezkaritza kontuan hartu gabe eta Sektore Mahaiaren balioa gutxietsiz», kexatu da ELA. 

Ziurtatu dute egiaztatu egin dutela astearte honetako gai-zerrendako edukiak aurretiaz sinatuta zeudela: «Adostutakoa Mahaira eraman dute betebehar formal bat betetzeagatik, baina ez edukiak fede onez negoziatzeko asmoz». 

Beste behin nabarmendu dute ez direla Sektore Mahaira itzuliko jokaera berarekin jarraitzen duen bitartean. Mahaiak negoziatzeko duen ahalmena berreskuratzea exijitu diote.