Arnaitz Gorriti

Kirolbet Baskonia garaiz esnatu da Kanaria Handian (72-89)

19-7 galtzen hasi ondoren, hirugarren laurdenean partida mila puska egin du talde gasteiztarrak, Shields, Ilimane Diop eta Pierria Henryren eskutik.

Pierria Henry, Baskoniaren «berpizkundearen» erantzuleetako bat. (F. ROBLEDANO / FOKU)
Pierria Henry, Baskoniaren «berpizkundearen» erantzuleetako bat. (F. ROBLEDANO / FOKU)

Jokatu dituen ACB Ligako azken hiru neurketak galdu ostean, behar zuen garaipena Kirolbet Baskoniak. Norbere estimuari begira, bigarren itzulian playoffetarako sailkapenari begira edo Dusko Ivanovicen eta Baskonia zale ororen buru osasunaren mesedetan... edonola dela ere, bazuen garaia talde gasteiztarrak garaipena lortzeko. Ez pentsa sufritu gabe atera duenik partida Kanaria Handiaren kantxan, 19-7 galtzen jarri baita aurreneko laurdenean. Alabaina, defentsa gogrtu duelarik, Baskonia airean pasa zaio Fotis Katsikarisek zuzentzen duen taldeari. Shavon Shieldsek eutsi dio talde arabarrari memento gogorrenetan eta ostean, Pierria Henryk eta Ilimane Diopek bat egitea lortu dutenean, hirugarren laurdenean batik bat, hanka egin du Baskoniak. Bazen garaia.

Harritzekoa izan da Ilimane Diopen bilakaera. Dusko Ivanovicek ez zion segundurik ere eman Fenerbahçeren aurka, «erabaki teknikoa» izan zela adieraziz. Antza, entrenatzaileak Dakarren jaiotako gasteiztarrari mezu arbi bat iritsi arazi nahi izan zion. Gran Canaria Arena pabilioian ikusitakoa aintzat hartuta, badirudi 25 urte egiteko dagoen pibotak ulertu duela Montenegroko entrenatzailearen mezua. Kanaria Handian Ioannis Bourousis Kirolbet Baskoniako jokalari ohia ere hantxe dago, eta oso motibaturik jokatu du, baina Diop eta Fall aurrean jarri zaizkionean, pibot greziarrak ez du eguzkirik ikusi. Albiste onak dira hauek, baldin eta jarraikortasunik erakusten badute arabarren gizon garaienek.

Hasiera, esan bezala, petrala izan da oso. John Shurna  eta Costello jaun eta jabe izan dira aurreneko minutuetan eta ez zirudien Ivanovicenek erantzuteko gaitasunik atera behar zutenik. Baina atera dute, nolabait. Shavon Shields izan da aurreneko kolpea itzuli duena, bere hiruko jaurtiketei esker. Bien bitartean, Baskoniaren defentsak ere asko egin du gora, eta Kanaria Handiak aurreneko laurdenean sartu dituen puntu zaparrada –28 aurreneko 10 minutuetan– itzaltzen joan da. Hala, atsedenaldira atzetik iritsi den arren Baskonia, partidan bete-betean sartuta egon da bederen: 44-43.

Mugimenduan dago gakoa

Aurreneko 20 minutuetan ez du aurretik jartzetik lortu Baskoniak, baina atsedenaldiaz geroztik, ia uneoro atzea erakutsi dio Kanaria Handiari. Hasteko, defentsak Omar Cook antolatzailearen etorria ito du, eta iturri hori gabe, Fotis Katsikarisenek lan handiak dituzte erasoan nahi bezalako jaurtiketak bilatzeko. Bestetik, Nik Stauskasek eskumuturra bereotu du eta Ontariokoaren hirukoen ondotik, etxekoen defentsa zabaldu egin behar izan da.

Eta hortxe egon da Baskonairen sekretua. Kanaria Handiaren defentsa zabaltzeaz Bourousisi bere mugikortasun ezaren gabeziak ikusten zaizkio; are gehiago Shengelia eta Ilimane Diop lako pibot bizkorrei aurre egiteko. Are gehiago Pierria Henryk saskira zuzen joateko lekurik topatzen baldin badu. Baskoniak defenditu eta korrika egin, gustukoen dituen aditz biak uztartu ditu eta behin eta betiko hanka egitea erdietsi du, 11-25eko partzial bati esker.

55-79 aurreratu arren, Baskoniak lanean segi behar izan du. Etsi etsian, Beqa Burjanadze georgiarrak errekzioa bilatu du etxeko taldearentzat. Baskoniak bere intentsitatea jeitsi egin du azken minutuetan eta hala, Katsikarisenak apur bat hurbildu dira markagailuan. Alabaina, ordurako kontrolpean izan dute partida gasteiztarrek eta ez diote sorpresa emateko betarik utzi Las Palmaseko taldeari. Bigarren itzuliari begira, nondik jo aurkituko al zuen Dusko Ivanovicek Kanaria Handiaren kantxa zailean egindako lan bikain honen ondoren!