Asier ROBLES

SOS Alde Zaharra plataformak turistifikazioak auzokideengan duen eragina salatu du

Bilboko SOS Alde Zaharra plataformak auzoan pisu turistiko ilegalak daudela jakinarazi eta turistifikazioak auzokideengan duen eragina salatu du. Auzotik joatera behartuta aurkitu diren bi auzokidek haien testigantzak kontatu dituzte.

SOS Alde Zaharra plataformaren prentsaurrekoa. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
SOS Alde Zaharra plataformaren prentsaurrekoa. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

SOS Alde Zaharra plataformak asteazken honetan emandako prentsaurreko batean adierazi duenez, azken urteetan auzoak bizitzen ari duen «turistifikazio prozesuak auzokideak bertan bizi, lan, jolastu edota lo egitea oso zaila izatea eragiten ari du».

Plataformak dioenez, alokairuen prezioen gorakada «ikaragarria» izaten ari da. «Prezioak eskuraezinak dira. Pisu libre gehienak turismoari begira daude, eta gero eta aukera gutxiago daude auzokideentzako», azaldu du.

«Turismoa lehenesten duen hiri eredu honek gure auzoetan eguneroko bizitza era duinean egin ahal izatea eragozten digu. Eta areagotzen ari dira auzotik alde egitera behartuta dauden jende kopurua. Kaleratuak izaten ari gara», salatu dute SOS Alde Zaharretik.

Eider Palmou 2004ean joan zen Alde Zaharrera bizitzera bereziki «herri izaera» zuen auzo bat zela ikusten zuelako. «Bizitzaz beteriko auzoa, bertan bizitzeko auzo erosoa eta oso atsegina». Baina azkenengo urteetan galdutako «bizi kalitatearen» eraginez auzoa ustera behartuta ikus da.

Pisu turistiko ilegalak

Palmou 5 etxebizitza dituen atari batean bizi da, eta prentsaurrekoan kontatu duenez, 2018an pisu turistiko «ilegal» bat zegoela konturatu ziren, eta aurrez aurreko erakinaren atikoan beste bat. «Garai horretan Bilboko Udalak ordenantza bat jarri zuen martxan, eta bertan etxe turistikoak lehenengo solairuan kokatuta egon behar zirela esaten zen, baina gure atarian bigarren pisuan zegoen» azaldu du Palmouk.

«Bizi izan ditugun egoerak tamalgarriak izan dira, festak, eskaileretan ezkutaketan jolasten, zarata, jendearen joan etorri itzelak, jende ezezagun asko...», salatu du. Horregatik Lakuako Gobernuaren turismo sailera eta Bilboko hirigintza sailera jo zuten. Palmouk 2018an jarri zuen salaketa, baina gaur egun ez duela erantzunik jaso baieztatu du. «Gutxi batzuen negozioak lehenesten dituzte gure bizi kalitateak eta eskubideak kontutan hartu gabe», salatu du.

«Egunero liskarretan egon behar izateak eta munizipalei deika egon behar izateak neke handia sortzen du, eta horregatik erabaki dut alde egitea, hau izango da nire azken hilabetea hemen», jakinarazi du Palmouk. «Ez badiogu egoera honi freno bat ipintzen gure auzoa kondenatuta egongo da, eta auzokideak izan beharrean, asteburuko bizi lagunak izango ditugu», gaineratu du Palmouk.

«Egoera jasanezina»

Javier Rodriguezek, Bihotzean auzo elkarteko presidenteak, gaur saldu du bere pisua, eta Alde Zaharretik joango da bertan 30 urte inguru bizitzen egon ondoren. Palmouk bezala, bere atarian pisu turistiko bat izan du. «Zure eraikina hotel bat bihurtzen da, baina inongo kontrolik gabe eta denbora guztian egon behar zara kexaka. Normalean jendea dibertitzera etortzen da, eta ez dute auzokideekiko inongo errespeturik. Honek egoera jasanezinak sortzen ditu», salatu du.

Rodriguezek instituzioen «utzikeria» salatu du. «Gure auzotik botatzen ari gaituzte, eta ez dugu onartuko, Alde Zaharra ez da ezer auzokiderik gabe», bukatu du esanez.

SOS Alde Zaharra plataformaren kide batek nabarmandu duenez Bilbon gertatzen ari dena «ez da kasu isolatu bat eta hainbat hiritan ikusten gabiltza ondorio larriak». «Oraindik garaiz gabiltza egoerari buelta eman eta bideratzeko. Auzotarren bizitza erdigunean jartzen duen auzo bat behar dugu».