oihane larretxea
DONOSTIA

‘Mort aux rois’ euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz kaleratu du ale berean Besatari argitaletxeak

‘Mort aux rois’ (Heriotza erregeei) emakume baten bortxaketarekin hasten da. Fito Rodriguezen lanak Jean-Baptiste Bernadotte-ren azalera eta mundura darama irakurlea, bularrean monarkiaren aurka tatuatu eta Suediako eta Norvegiako errege izaten bukatu zuen militarra. Besatariren edizio honek aurretik existitzen ziren gaztelania, euskara eta katalanezko bertsioak bildu ditu ale berean.

Fito Rodriguez, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE I FOKU)
Fito Rodriguez, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE I FOKU)

Ipuin hau ez da «politikoki zuzena», dio kontrazalak. Eta bere egileak, Fito Rodriguezek, gaur egun ez literatura ezta bizitza bera ere ez direla eransten du. Arrazoitu nahian. «Testu literarioak gero eta zurrunagoak dira, gaur egun gehiago begiratzen zaio soziologiari testuari berari baino. Liburu hau bortxaketa batekin hasten da», adierazi zuen ‘Mort aux rois’ lanaren aurkezpenean, ostegunean Tabakalerako Tobacco Days liburudendan.

Historia da eta istorio bat aldi berean. Orriotako protagonista bataioz Jean-Baptiste Bernadotte izandakoa da, ondoren Karlos XIV.a Joan Suediako erregea eta Karlos III.a Joan Norvegiako erregea izan zena. «Napoleon zalea zen, baina bere kontrakoa aldi berean, iraultzailea bazen ere, errege bilakatu zen. Kontraesan guztiak hor agertzen dira –adierazi zuen–. Bizitzan agertzen diren kontraesanak dira literaturak hartzen dituenak. Eta ez dut uste literaturak politikoki zuzena izan behar duenik, bizitza bera ez delako. Kontraesanik gabe ezin da bizi».

Liburua pertsonaia kontraesankorraz mintzo bada ere, bera baita protagonista, bere neskamearen ahotsaren bidez ezagutuko dugu, bera da narratzailea. Elena Martinez editorearen aburuz, neskameak gorpuzten du herri xehea, «gerrak mugiarazten duen herria». Lehen lerroan bertan neska bortxatu egiten du Bernadottek; ondoren berarekin eramango du munduan zehar eta berekin geldituko da, gizona hiltzen den arte. Neskaren autobiografiaren kutsua badu narrazioak, baina bizipen horietan gizonak du garrantzi handia.

Egia fikzionatuz

Pertsonaia berezia eta polemikoa izan zen. Suediako errege izan arren ez zuen sekula suediera ikasi, zailtasun handiak izan zituen horretarako. Napoleonen garaikidea, lagun eta etsai izan ziren tarteka, eta «mota askotako harremanak izan zituen enperadorearekin». Bearnoko militarra izan zen, baina noblea ez zenez, ez zuen hierarkian gora egiteko aukerarik izan… iraultza etorri zen arte. «Orduan aukera izan zuen erakusteko nor zen», erantsi zuen Martinezek. «Argi zeukan erregearen kontra zegoela, pentsa, bular aldean tatuaje bat egin zuen mort aux rois zioena. Eta paradojikoa bada ere, ibilbide gorabeheratsu baten ondoren bilakatu zen errege».

Idazlearen arabera, beharrezkoa da gertakizun historiko guztiak behar bezala lerrokatzea. Eta gogorarazi zuenez, honek badu oinarri historiko bat, baina fikzioa da. «Pertsonaia egiazkoa, hezur-haragizkoa da. Fikzionatu dut narratzailearen ikuspegia erabilita. Aukera ematen digu birkokatzeko funtsezkoa den garai bat, neuk gontza garaia deitu niona». Hitzaurrean adierazten duenez, narrazioak garai jakin bat ezagutzeko gakoak ematen ditu eta, besteak beste, bada hurbilketa bat XIX. mendean izan ziren tradizioaren eta arrazoiaren arteko borroketara. Hala, monarkia eta errepublikaren arteko liskar politikoetara ere eramango du testuak irakurlea.

Argitalpenari buruz, komeni da zehaztea ez dela lan berria, izan ere katalanez 2005eko ekainean argitaratu zen aurrenekoz ‘Lux Mundi’ izenburupean, Daniel Lujanek itzulia. Jatorriz euskaraz idatzitakoa da: urte hartan bertan, Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) izen bereko beste testu bat kaleratu zuen.

Ondoren, 2014an, ailegatu zen gaztelaniazko bertsioa, Pamiela argitaletxeak Fito Rodriguezi hala eskatuta. Idazleak egindako testuaren moldaketa da, euskal jatorrizko idazle ezberdinek ‘Gaur egungo euskal narratibaren antologia’ izenburupean euskaraz nahiz gaztelaniaz bildutakoak osatzeko. Hiru testuok topatzeko izan daitezkeen zailtasunak direla-eta, Besatari argitaletxeak hiru hizkuntzak ale berean, bakarrean alegia, bildu ditu.