naiz

Erretiroa hartutako medikuak berriz lanera itzultzeko aukera mahai gainean jarri du Lakuak

Azken urteetan erretiroa hartu duten osasungintzako langileen denbora baterako itzulera aztertzen ari da Lakua, koronabirusaren krisiari aurre egiteko neurri gisa. Bestetik, ospitale ezberdinetan dagoen ohe kopuruaren inguruan, «ahalegin nabarmena» egiten ari direla baieztatu du Lakuako Gobernuko bozeramaile Josu Erkorekak.

Josu Erkoreka, Iñigo Urkullu lehendakariarekin, Legebiltzarreko saio batean. (Juanan RUIZ/FOKU)
Josu Erkoreka, Iñigo Urkullu lehendakariarekin, Legebiltzarreko saio batean. (Juanan RUIZ/FOKU)

Duela gutxi erretiroa hartu duten medikuak koronabirusaren «krisiak irauten duen bitartean» lanera itzultzeko aukera aztertzen ari da Lakuako Gobernua. Josu Erkoreka bozeramaileak RNEn adierazi duenez, «erritmo bizian» hedatzen ari da birusa eta, ondotik, Iñigo Urkulluren Gobernua «gomendioak bikoizten» ari da.

Ez du gaixo dauden medikuen zenbatekoa zehaztu, baina «faktore kezkagarria» dela azpimarratu du Erkorekak. «Krisiari aurre egiteko dugun funtsezko baliabidea da osasun langileen kolektiboa eta bertan bajak areagotzen diren heinean, erantzuteko aukera murriztu egiten da», gaineratu du.

Hori dela-eta, «bereziki zaindu beharreko kolektiboa» dela nabarmendu du Lakuako bozeramaileak. Bide horretan, badira asteak osasungintzan lan egiten duten pertsonen arteko topaketa handiak bertan behera utzi dituztela eta lan-poltsak sortu dituztela. Orain, urrats berri bat eman nahi dute erretiroa hartu duten medikuen itzulerarekin.

«Gaitasun handiko langileak dira, formakuntza handikoak eta urtetako esperientziarekin. Berrerabiliak izan daitezke», adierazi du Erkorekak. Hala ere, oraindik ez dute erabakirik hartu. «Alternatiba ezberdinak aztertzen ari gara osasun zerbitzuak indartzeko», baina oraingoz norberaren babeserako neurriak hartzen ari dira osasungintzako langileen artean.

Bestetik, ospitale ezberdinetan dagoen ohe kopuruaren inguruan, «ahalegin nabarmena» egiten ari direla baieztatu du Lakuako Gobernuaren bozeramaileak. «Une honetan ezinezkoa da etorriko dena aurreikustea», onartu du. «Egunero datu eta errealitate berriei erantzun behar diegu, erabaki berriekin». 

Gizartearen «erantzunkizunean» ere indarra jarri nahi izan du Erkorekak. «Hartzen dugun jarreraren baitan, birusaren hedapenaren erantzule izan gaitezke», adierazi du.