NAIZ
BAIONA

«Terrorismoaren» aitzakia erabili du Parisek larriki gaixo dauden euskal presoak aske ez uzteko

Bake Bideak salatu duenez, Nicole Belloubet frantziar Justizia ministroak ateak itxi dizkio Covid-19 birusarekiko arrisku gehien izan dezaketen euskal presoen irteera aurreikuspen guztiei. Izan ere, ordenantzak aplikazioan baztertu egiten ditu «terrorismoaren aurkako legeen» esparruan kondenatutako pertsona guztiak.

Jakes Esnalen askatasuna eskatzeko Donibane Lohizunen egindako elkarretaratzea. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Jakes Esnalen askatasuna eskatzeko Donibane Lohizunen egindako elkarretaratzea. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Gaixorik eta zigorra ia beteta duten 5.000 preso aske uzteko plana prestatzen ari zela iragarri zuen frantziar Gobernuak astelehenean. Bake Bideak gaur berri eman duenez, Parisek ez ditu euskal presoak plan horretan sartuko, «ordenantzak aplikazioan baztertu egiten ditu terrorismoaren aurkako legeen esparruan kondenatutako pertsona guztiak». «Beste behin ere, zigorrak egokitzeko aukera guztiak baztertzen dira euskal presoentzat», salatu du.

Bake Bideak gogora ekarri duenez, egun 37 euskal presoen artean bost euskal presok (Jakes Esnal, Jon Gurutz Maiza Artola, Josu Urrutikoetxea, Jon Parot, Frederic Haranburu ‘Xistor’ ) 65 urte baino gehiago dituzte, eta horietatik 3k (Maiza Artola, Haranburu, Urrutikoetxea) patologiak dituzte. Ibon Fernandez Iradik berriz, esklerosi anizkoitza du.

«Euskal presoen egoera neurri horien aplikazio-eremuan sartu behar zen. Ez dugu diskriminazio hau onartzen, eta eskatzen dugu guztiontzako eskubidea aplika dadila, egoera guztietan! Preso horiek askatu egin behar dira», adierazi du. Erakunde horrek ohartarazi duenez, «euskal presoen bazterketa kontraesanean dago Euskal Herriko ordezkaritzak eta Justizia Ministerioak duela bi urte balioztaturiko ibilbide-orriarekin».

«Berriro ere berresten dugu, ezinbestekoa da euskal presoei salbuespenezko neurrien aplikazioarekin bukatzea. Euskal presoei askatasunerako eskubidea aplikatu behar zaie, baita eri diren presoei zigorra kendu ere. Izan ere, baldintzapeko askatasunerako eskubidea aplikatuta, posible izango litzateke Lorentxa Beyrie, Jon Parot, Frédéric Haramboure eta Ibon Fernández Iradi beren hurbilekoen artean egotea, populazioa erabat konfinatuta dagoen une honetan», azpimarratu du.

Fiskaltzaren eginkizuna

Gainera, Bake Bideak dioenez, «terrorismoaren aurkako lege berrien esparruan, atzerritarrak (beraz, frantziar kartzeletan dauden euskal preso gehienak) baldintzapeko askatasuna eskatzeko aukera guztietatik kanpo geratu ziren. Konstituzio Kontseiluak konstituzioaren kontrakotzat jo zuen, Alaitz Areitio euskal presoari loturiko prozeduraren ondotik». Berantenez, urriaren 20an geldituko da aske.

Bake Bideak Terrorismoaren aurkako Fiskaltzaren eginkizuna nabarmendu du: «Azken hilabeteotan, Fiskaltzaren jarrera mendekatzailea izan da eta horren ondorio suntsitzaileak salatu ditugu, Frederic Haranburu, Ibon Fernandez eta Lorentxa Beyrieren egoera dela eta, oraindik kartzelan daude, Fiskaltza Antiterrorista Nazionalaren deien ondotik, askatzeko lehen erabakia ezeztatuz».

Apirilaren 9an jakinaraziko da Jakes Esnalen baldintzapeko askatasunaren eskaeraren erabakia. «Eskaera hau onartzea eta Fiskaltza Antiterrorista Nazionala Euskal Herrian izandako aldaketa historikoaren mailan egotea eskatzen dugu», amaitu du.