NAIZ

Desgaitasuna izanda indarkeria jasaten duten emakumeentzako materiala landu dute

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak lankidetza estutu du Edeka, desgaitasunaren arloan lan egiten duten euskal erakundeen koordinakundearekin, Covid-19 birusaren krisiak eragindako egoeraren aurrean, eta material batzuk landu ditu, konfinamendu aldian indarkeria matxista jasaten ari diren eta desgaitasuna duten emakumeengana ahalik eta modurik eraginkorrenean iritsi ahal izateko.

Lazo moreak Iruñeako balkoietan, indarkeria matxista salatzeko. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Lazo moreak Iruñeako balkoietan, indarkeria matxista salatzeko. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Euskal Gorrak, Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioarekin batera, entzuteko zailtasunak dituzten pertsonentzako bideo bat egin du; ONCEren bidez, telefonoei buruzko informazio kartela egokitu da ikusmen arazoak dituzten pertsonentzako; FEVAS Plena Inclusión Euskadi adimen urritasuna duten pertsonen aldeko elkarteen euskal federazioarekin irakurketa errazeko kartela egin du, Lakuako Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailaren lankidetzarekin.

Emakundek jakinarazi duenez, prestatutako materialetan, biktimari arreta emateko 24 orduko telefonoa (900 840 111) eta larrialdi baten kasuan erabili beharreko telefonoa (112) jakinarazten dira. Halaber, 112 larrialdiko aplikazioa dagoela gogorarazi dute, entzuteko edo hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonentzat eskuragarri eta GPS sistemarekin geolokalizazioa ahalbidetzen duena.

Helburua ahalik eta emakume gehienengana iristea da, haien aniztasuna kontuan hartuta. Ildo horretan, Emakundek bereziki eskertu du Euskal Gorrak, ONCE eta Fevas elkarteek egindako lana, bai eta Edeka osatzen duten erakunde eta pertsona guztiena ere.

Emakundek azken bi urteetan lan egin du Edekarekin, eta lankidetza horrekin argitaratu du, adibidez, 'Indarkeria matxistaren biktima diren eta desgaitasuna duten emakume eta neskak. Esku hartzeko jarraibideak' izenburuko gida. Gida honetan zenbait jarraibide zehazten dira indarkeriaren biktima diren emakumeak modu hoberenean artatzeko, eta horiek artatzen dituzten profesionalei zuzendua dago.