Haritz Larrañaga

Ehizako eskopetekin zenbait gertakari izan dira Baionan azken egunotan

Urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten atzo 42 urteko baionar bati apirilaren 4ean ehizako eskopeta batekin jendea mehatxatu zuelakoan. Tarnosen etxe bati tiro egin ziola ere uste du Poliziak. Bestalde, bi gizonek tiroz hil zuten orkatz bat Baionako Teachnociteko aparkalekuan, apirilaren 8an.

Baionako Technocité eremua.
Baionako Technocité eremua.

Ehizako eskopetekin burututako zenbait gertakari izan dira azken egunetan Baionan. Alde batetik, apirilaren 4an Baionako erdigunean autoarekin zuhaitz bat jo ostean lekukoei ehizako eskopeta batekin mehatxu egin zielakoan atxilotu zuten 42 urteko baionar baten kasua dago.

Beste gertakaria pasa den asteazkenean jazo zen, apirilaren 8an, bi gizonek Baionako Technocite gunean dagoen aparkalekuan orkatz ba tiroz hil zutenean. Azken gertakari honekin lotuta, ez da atxiloturik izan denaren jakinarazpenik. 

Bi kasuetan gertakarien protagonistek ehizarako eskopetak erabili zituzten, baina ez zuten zauriturik eragin inguruan zituzten herritarren artean. 

Urtebeteko espetxe zigorra

Atzo epaitu zuten Baionako epaitegian bi egun lehenago etxean atxilotu zuten 42 urteko gizona eta epaileak «indarkeria larrigarria» erabili izana egotzi zion. Epaiaren arabera, gertakaria apirilaren 4ean jazo zen Baionako erdigunean. Epaituak ehiza eskopeta batekin hainbat lagun mehatxu izana leporatzen diote.

France Bleu irrati kateak kontatzen duenez, lehenik Baionako erdigunean zuhaitz bat jo zuen bere autoarekin akusatuak, eta ihes egitera zihoanean, lekuko bat mehatxatu omen zuen. Geroago, beste bikote bati eskopeta erakutsiz beldurra eragitea egozten dio epaileak.

Epaiketan, fiskaltzaren galderei erantzunez, eskopeta saltzeko asmoa zuelako zeramala soinean deklaratu zuen akusatuak, baina bere hitzetan ez zuen inor mehatxatu. Egun berean, droga kontu bategatik Tarnoseko etxe bati bi tiro egin zizkionaren susmoa ere badu Poliziak. Urtebeteko espetxe zigorra ezarri dioten baionarra sarritan izan da epaitegian beste afera batzuengatik.

Orkatz bat aparkaleku erdian

Baionako Technocite (A 63 autobideko bosgarren irteeran) eremuko eraikin bateko leihotik bi gizon ehizako eskopeta batekin tiro egiten ikusi zituztela azaldu zuten zenbait lekukok. Inguruko langileen esanetan tiratzaileei oihu egin zieten geldi zitezen eskatzeko, baina hauek ez zuten jaramonik egin. 

Aparkalekuan zebilen orkatz bati tiro egin zioten eta bete-betean jo zuten, orkatza aparkalekuaren erdian hil baitzen. Salaketaren arabera, animalia hil ostean ihesari eman zioten tiro egin zuten bi pertsonek.