naiz
Bilbo

Gizon bat atxilotu dute Bilbon, emakume baten kontrako sexu erasoa egotzita

Aurrekariak dituen 32 urteko gizonezko bat atxilotu dute Bilbon, atzo emakume bat bere etxean atxiki eta eraso egin ostean. Komisaldegian dago, epailearen aurretik igaro zain.

Ertzaintzak 32 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, ostirala, Bilbon, sexu eraso baten egilea delakoan. Erasoa ostiralean bertan gertatu omen zen, Bizkaiko hiriburuko etxebizitza batean, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Emakume batek atzo salatu zuen ertzain etxean sexu eraso bat jasan zuela Bilboko etxebizitza batean, egun horretan bertan. Erasotzaileak bere borondatearen aurka atxiki zuela baina ihes egitea lortu zuela jakinarazi zuen.

Salaketa egin ondoren, zenbait patruila sexu erasoa gertatu zen etxebizitzara gerturatu ziren, eta bertan identifikatu eta atxilotu zuten erasoaren ustezko egilea. Atxilotua 32 urteko gizonezko bat da, polizia aurrekariak dituena, eta epailearengana eramango dute polizia izapideak bukatu ondoren.