NAIZ

Hausnarketarako datua: Erronkarin, 850 biztanle eta Covid-19 kasu bakar bat ere ez

1.500 lagun inguru erroldaturik daude Erronkariko bailaran, nahiz eta egunerokoan 850 baino ez diren bertan bizi. Koronabirusaren atzaparrak ez dira haraino iritsi, eta zer pentsatu ematen du horrek: ohiko arazoak abantaila bilakatu zaizkio orain, alkateak esan duenez.

Erronkariko Iriondoa kalea. (ERRONKARIKO UDALA)
Erronkariko Iriondoa kalea. (ERRONKARIKO UDALA)

«Naturaz inguraturik egotea eta hirietatik urrun izatea, horixe da salbatu gaituena». Ondorio hori ateratzen du Erronkariko Udaleko alkate den Amparo Viñualesek, haranean orain arte koronabirus kasu bakar bat ere ez dela agertu zabaldu ostean. ETB-2ko ‘En Jake’ saioan hitz egin du horretaz.

Adierazgarria da bertan gertaturikoa, izan ere askotan nabarmendu da hirietatik urruti egote horrek Pirinio aldeko herritarrei sortzen dien kaltea. Viñuales bera, iaz alkate bilakatu aurretik egoera hori mahaigainean jartzen duen Gaztelu elkarteko eleduna bazen. Emakumezkoek herri hauetan jasaten dituzten zailtasun erantsiak jakitera ematen ditu Gazteluk.

Orain, pandemia saihesteko abantaila izan da «isolamendu» hau. Viñualesek baieztatu duenez, ez da orain arte inor gaixotu eta aurreratzean ere Covid-19ari izkin egiten segitzeko beren burua zaintzen ari dira Erronkariko biztanleak.

Populazio eskasa izatea ere aldeko aldagaia bilakatu da orain. Berez, 1.500 lagun daude zazpi herri haietako erroldan, baina erdia baino gehixeago dago Erronkarin konfinaturik aste hauetan (850 inguru), hauek baitira normalean martxoan bertan bizi direnak.

Arrisku handiko biztanleria dela ekarri behar da gogora; %30ak 65 urte baino gehiago ditu, baina birusak ez du haienganako biderik aurkitu.

Gainerako tokietan bezala, ostalaritza eta premiazkoak ez diren zerbitzuak itxita daude alarma egoeraren ondorioz, baina abeltzainak eta nekazariak normaltasunez ari direla aipatu du Amparo Viñualesek. Osasun zerbitzuen lana ere goraipatu du alkateak.

Uztarroze, Izaba, Urzainki, Erronkari, Garde, Bidankoze eta Burgi dira Erronkariko ibarra osatzen duten herriak.