NAIZ

Bernardo Bidaola «Txirritak» ez zuen bere buruaz beste egin; frogak, biharko GARAn

Bertsio ofizialak bere buruaz beste egin zuela ziurtatu du gaur arte, baina Bernardo Bidaola «Txirrita» –ETA p-m.ko kide gaztea– ez zen horrela hil. Kasuaren nondik norakoak eta frogak dakartza Iñaki Egañak biharko GARAn.

«Txirrita« zenaren hiletak, 1976. urtean.
«Txirrita« zenaren hiletak, 1976. urtean.

1976ko apirilaren 25ean, gaur duela juxtu 44 urte, ETA p-m.ko kide batzuk Guardia Zibilaren aurrez aurre talka egin zuten, Sara eta Etxalarren artean, muga zeharkatzen ari zirelarik. Komandoko bi kidek ihes egitea lortu zuten, eta gainerako biak zauriturik gertatu ziren. Hauetako bat Donostiako ospitalera eraman zuten, baina bestea desagertu egin zen. Bai, desagertu.

Bernardo Bidaola zuen izena, «Txirrita» ezizena. Lizartzakoa zen eta 22 urte besterik ez zituen. Hilabete beranduago, Sarako baso batean agertu zen bere gorpua. Espainiako Barne Ministeritzak bere buruaz beste egin zuela adierazi zuen, eta bertsio horri eutsi dio gaur arte. Baina ez da egia.

Lehenbiziko aldiz, horren froga garbia ematen du Iñaki Egaña historialariaren lanak, bihar GARAn argitaratuko duen artikuluan. Bi autopsietan dago gakoa. Bata, bere garaian egina, familiari ere ez zioten jakinarazi. Bestea, duela denbora gutxi burutu da, gorpua Tolosako hilobitik atera ondoren. Bietan, ondorio berdina. Eta bien artean, pasarte adierazgarri ugari, Egañak bildua.

Albisteak hain ezezaguna den kasua mahai gainean jartzen du berriz, benetako erantzunaren zain. Bitartean, galdera airean da: nork eraman zuen Bernardo Bidaola «Txirrita» Sarako baso horretara, eta nondik abiatuta?