
Donostiako Orfeoiak beste opari bat egin nahi izan dio konfinamenduan dagoen orori eta, bereziki, Covid-19aren gaixotasuna pasatzen ari direnei eta beren ingurukoei. Karl Jenkinsen ‘Ave Verum’ aukeratu du okasiorako.
Aurreko bideoetan egin bezala, honetan ere abeslari bakoitzak bere etxean grabatu du bere zatia, eta gero denak elkartu dituzte leiho txikiz osatutako leihate zabalean. Julia Blasco (sopranoa) eta Aroa Guerendiain (altua) aritu dira bakarlari bezala.
«Pandemia honek ondorio ikaragarriak ekarri dizkigu guztioi; osasuna arrisku larrian jartzeaz gain, gizartearen oinarriak astindu ditu. Dakizuenez, kulturaren munduak dar-dar egiten du; ez dakigu noiz izango dugun berriro elkarrekin abestu eta zuen presentziarekin musikaz gozatzeko agertokiak betetzeko aukera, baina bitartean, gogoan zaituztegu», adierazi dute ohar batean.
Horregatik, ehun bat kantari elkartu dira ‘Ave Verum’ren bertsio berezi bat eskaintzeko; «zuentzat, maitasunez».
Gazteek eta txikiek ere bai
Donostiako Orfeoiak lau bideo partekatu ditu konfinamenduan; lehenak Orfeoi Gazteko kideak izan ziren. Beren ahotsak eta energia batu zituzten Gatiburen ‘Euritan Dantzan’ eskaintzeko. Ondoren, Orfeoiko 45 kide animatu ziren Leonard Cohenen ‘Hallelujah’ interpretatzera, sare sozialetan hainbestetan partekatu zena.
Orfeoi Txikiak ere egin nahi izan zuen bere ekarpena. 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoak biltzen dituen orfeoiak ‘Lore dantza’ interpretatu zuen, udaberrian gaudela oroitarazteko. Juantxo Zeberio Etxetxipiarekin grabatu zuten, ‘Xomorroak’ diskorako.

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»


