Izaro IZU

Txikien beldur guztiak itsasoak baretu ditu Donostian

Sagueseko eremu zabala ziklo guztien erakustoki bilakatu da eguerdian: bi gurpiletako patineteak, hiruko irrisgailuak, lauko txirrindulak... Etxetik beldurtuta atera da haur asko, biziki izututa ere batzuk, baina Kantauri itsasoaren ondoan beharrezko lasaitasuna aurkitu dute.

Kantauri itsasoa berraurkitu dute umeek Kontxan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Kantauri itsasoa berraurkitu dute umeek Kontxan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Umeen festa eguna zirudiena ez da hain modu errezean hasi. Zortzi urte dituen Saioak malkoei ezin eutsi gelditu da, kalera atera bezain laster, izkinera heltzean: dendetan jende ilada luzeak, maskarak eta eskularruak nonnahi, autorik ez, susmo txarrak... «Ez dut nahi, ez dut nahi!», oihukatu du une batez. Ama pazientzia handiz ahalegindu da lasaitzen. Baina Groseko etxe ondoko plazetan ere ez du giro lasaigarririk aurkitu («ama, jende guztia guri begira dago!», temati). Ez zen eroso.

Kosta egin zaio amari itsaso aldera eramatea («gaurkoz nahikoa da», zioen neskatoak etengabe), baina lortu du azkenean. Bidean, urruti, ikastolako lagun bat ikusi du, bera ez bezala, maskara aurpegian: ez du agurtu nahi izan. Zurriolako Pasealekuan erlajatu zaizkio azkenean pixkat aurpegiko giharrak, askatu: benetako ziklo festa zegoen hor, bidegorritik dozenaka ibilgailu ezberdinen gainean, Kursaaletik Sagueseraino.

Lasterketa bitxia da osatu dena: zaratarik gabekoa eta tentu handiz eginikoa, tristura puntu batez. Baina Sagueseko helmugara helduta, etxetik irten ostean jada ordu erdi pasata, beste giro bat ageri da azkenik, libre eta sanoagoa. Hondartzara jeisteko aukerarik ez dago, askok uste zuenearen kontra: sarbideak moztuta daude oraindik, baina esan liteke Kantauri itsasoak bertako jolastoki zabalean baretu dituela txikien beldurrak.

Guztiak daude hor nahastuta, jaio berrietatik haur koxkorretara. Elkarrekin, bai, baina elkarrengana hurbildu gabe eta elkarri hitz egin gabe. Gehienak gurpil gainean, gutxi batzuk baloiarekin, zer dela eta? «Baloiaz jolasten utziko ote zuten ez genekien, eta horregatik txirrindula eta patinete ekarri ditugu, badaezpada», esan du bi umeren aita batek. «Handiak aspaldi ez zuen bizikleta ateratzen, baina gaur gustora dabil».

Amona bat pasatu da erdi-erdtik, irrifartsu. «Gora umeak!», ohikatu du bapatean, barruko sentimenduak askatu nahian-edo. Parre egin dute ume gutxi batzuk, harridura aurpegiaz begiratu diote gainerakoek. Begibistakoa da, edozein kasutan, umeak kalera atera izanak guztiz aldatu duela hirien itxura, alaitasuna barreiatuz.

Gurasoentzako ere topaleku sortu dute umeek. Azkeneko 42 egunetan plaza eta parkeetan elkar ikusi gabe zeuden horiek ere. Aiton-amonen erresidentzia baten lan egiten duen aita bat bulego batean jarduten den ama batekin ari da hizketan, kontu konturari: honek telelanaz ari zaio; bestea, aurreko egunean koronabirusaren proba egin diotela eta emaitzaren zain dela, apur bat kezkaturik. Distantziak gordetzea ezinbesteko egiten zaie.

Tirabira bat edo beste sortu da, txakur bat korrika sartu eta baloi bat hortzekin puskatu duenean. Jabeari txakurrak egunero atera ahal izan direla baina umeak ez, aurpegiratu dio aitak jabeari. Isil-isilean urrundu da hau, txakurra ondo lotu ondoren.

Handiekin gertatzen den bezala, beldurraren eragina ez da berdina ume guztien artean. Adinaren araberako mailakatzea dagoela aipatzen du lau haur dituen ama batek: «Hau jaietako ferietan bezalakoa da, berdin-berdina. Txiki-txikiak direnean ez dute beldurrik, ez dute ikusten. Gero, arriskuak ikusten hasten direnean, beldurti bihurtzen dira, ez dute igo nahi. Eta geroago beldurra kudeatzen ikasten direnean, berriro ausart eta askotan harroxko egiten dira».

Horregatik agian ez da 12 urte baino gehiagoko neska-mutilik apenas ikusten, ez Sagues aldean, ez eta ondoko kaleetan ere. Amona batek ulertu ezinean azaldu dio egunkariaren zain ilada berean den kideari: «Nire bilobak nolakoak diren! Orain ez dute atera nahi, ordenagailu eta telefonoekin jolastea nahiago dutela diote, baina nola da posible?». Besteak, buruarekin baietz. Ondo aztertuta, ume ugari ikusten da Donostiako auzo honetan, asko, baina ez dira jai egun normal batean bezala pilatzen ari, eta honek batzuk –edo asko– oraindik etxean direla adieraztera ematen du.

Lasaitu da azkenik Saioa, ordubetea pasata: «Bihar hobeto, ama». Etxera itzuli eta eskuak txukun-txukun garbitzeko ordua da. Agindu dioten bezala, ezer ez ikutzea lortu duela uste du, ez eta negarrez aritu den izkineko horma hori ere!