Maite Ubiria

Ohorezko aurreskua eskaini diote Eneko Aldana Ziburuko alkate berriari

Ziburuko Herriko Kontseilu berria eratu dute gaur goizean. Sorpresarik gabe Ziburu Bizi hautagaitzaren burua Eneko Aldana abertzalea izendatu dute auzapez berria. Bileraren ondoren, karrikan, ohorezko aurreskua eskaini diote alkate berriari. Itsasun, berriz, Mikel Hiribarren izendatu dute auzapez. Atzo, beste bi alkate abertzale inbestituak izan ziren: Filipe Aramendi, Urruñan, eta Bruno Carrere, Uztaritzen.

Dantzari bik ohorezko aurresku eskaini diote auzapez berriari Ziburun. (@a_lopepe)
Dantzari bik ohorezko aurresku eskaini diote auzapez berriari Ziburun. (@a_lopepe)

Atzo arratsaldean Urruñako Herriko Kontseilua eratu zen. Gaur goizean Ziburuko udalbatza bildu da. Filipe Aramendi izanen da auzapez berria lehenengo herrian, Eneko Aldana bigarrenean. Biak ala biak abertzaleak.

Kostatik Lapurdi barnealdera jo ezgero, atzo Bruno Carrere abertzaleak bere bigarren agintaldia estreinatu zuen Uztaritzen. Gaur goizean, berriz, Itsasuko lehen auzapez abertzale bilakatu da Mikel Hiribarren.

Herriko polikiroldegian jende anitz bildu zen atzo arratsaldean Urruñan, batzuk ikurriña zeramatela, Lapurdi hegoaldeko herrian gertaturiko aldaketa bertatik bertara bizitzeko.

Anekdota bat izan zen. Aramendik ez zuen frantses banderaren kolereak dituen xingola jantzi. Azaldu zuenez, auzapezek jazten duten oihal hori «ez da garaiz heldu herriko etxera».

Gehitu zuenez, «urruñar guztien auzapez izateko asmoa daukat, beraz nehork ez dezala pentsa azpijoko izan denik, xingola berria ez dute oraindik igorri ez gure udalera ez da beste batzuetara ere ez, besterik gabe».

Uztaritze, Biarritz, Hendaia

Euskaraz eta frantsesez mintzatu zen Urruñako lehenengo auzapez abertzalea. Urruñan solik ez udalbatza berrien ekimenak izan ziren ostiral arratsaldean beste hainbat herritan ere.

Erran bezala, Uztaritzen Bruno Carrere abertzaleak bere bigarren mandatuari ekin zion.

Biarritzen, berriz, lehen aldiz emazte bat izanen da auzapez. Les Republicains alderdi kontserbadorea aurkezturiko hautagaitzaren buru zen Maider Arosteguy izendatu zuten auzapez.

Hendaian, berriz, Kotte Ezenarro sozialista izendatu zuten alkate gisa. Ondorengo sei urtetan abertzaleekin batera gobernatzen jarraituko du.

Aldaketak martxan jartzeko ordua

Gaur goizean, berriz, Eneko Aldana abertzaleak Ziburuko alkatetza hartu du. Bere aldeko 26 boto jaso ditu eta 3 herri kontseilarik boto zuria eman dute. Bileran parte hartu du urte luzetan Lapurdi kostako herrian jaun eta jabe izan zen Guy Poulou auzapez kontserbadoreak.

Iragan igandeko bozak irabazi ondoren herriaren alde lan egiteko bere engaiamendua nabarmendu zuen Aldanak naiz irratiari eskainitako elkarrizketa honetan.

Auzapez berriak hautetsiak euskaraz eta franseses agustu ondoren hauxe nabarmendu du: «Kanpainaren denbora amaitu da, egin eta eraikitzeko tenorea heldu da».

Aldana da bigarren itzulian boto batazbesteko altuena lortu zuen hautetsia (%57 egin zuen) baita Lapurdiko kostaldeko auzapez gazteena ere. 31 ute ditu.

Udalbatza berria eratu ostean erabilera anitzeko gelaren kanpoaldean bi dantzarik ohorezko aurreskua eskaini diote Ziburuk izanen duen lehenengo auzapez abertzaleari.