Imanol Carrillo

Urdaibaik kolpea eman du mahai gainean eta Orioko uretan gailendu zaio Hondarribiari

Bermeoko traineruak «Ama Guadalupekoak» bigarren txandan lortutako denbora onenari buelta eman dio azken luzean eta 2 segundoko aldearekin irabazi du. Nesketan, Donostiarrak ezustekoa eman eta denboraldiko bigarren garaipena erdietsi du. Arraun Lagunakek ez du parte hartu arraunlari batek positibo eman baitu Covid-19 proban.

Urdaibaiko patroia, Orioko bandera gogoz astintzen. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Urdaibaiko patroia, Orioko bandera gogoz astintzen. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Estropada itzela utzi digu “Orioko XXX. Estropadak - VIII. Orio Kanpina Bandera” probak. Hondarribiak estropada eremua ederki ezagutzen duela erakutsi du berriro ere. Astean zehar Gipuzkoako txapeldun izan da ur hauetan eta gaur Eusko Label Ligan garaipena lortzeko gertu egon da, oso gertu, gertuegi.

Bigarren txandan aritu da «Ama Guadalupekoa». Ondoren etorri den ohorezko txandako lau traineruek urruti zituzten Hondarribiak markatutako denbora guztiak, baina azken luzean Urdaibaik seigarren martxa sartu eta hegan egin du ur gainean.

Bermeokoek lehia estua zeramaten Oriorekin, baina behin hirugarren ziaboga pasata, bizkaitarrek «San Nikolas» ontzia urrundu dute, Hondarribiako denbora jaitsi nahian. Saiatu eta lortu.

2. txanda: Hondarribia, garaipenetik gertu

Bigarren txandak espero zena erakutsi du. Hau da, Hondarribia eta Donostiarraren arteko lehia. Hasieran bizia izan da, denbora berean aritu baitira bi ontziak, baina estropada aurrera joan den heinean, «Ama Guadalupekoak» berriro erakutsi du ohorezko txandan lehiatzeko arraunlariak dituela.

Hala, «Torrekua I.a»rekiko distantzia gero eta handiago izan da metroak pasa ahala. Lehenengo ziabogan 2 segundoko aldea bazegoen, hirugarrenean 6koa izan da eta azkenean 13koa izan da.

Hondarribia eta Donostiarraren atzetik sailkatu dira Cabo eta Zarautz. «Enbatak» asko sufritu du gaurkoan Orioko uretan eta 35 segundora amaitu du. Bigarren ziabogan huts bat egin eta ia ia arrauna apurtu dute zarauztarrek. Azken postura joan dira azkenik.

1. txanda: Ares nagusi

Aresek lortu du lehen txandako denborarik onena. Galiziarrak atzetik aurrera egin dute estropadan, Ondarroa jarri baita buruan hasiera-hasieratik. Pentsa, lehen ziabogan 5 segundoko aldea egon da bizkaitar eta galiziarren artean. Atzerago sartu dira Kaiku (+7) eta Lekittarra (+8).

Bigarren luzean, Ares lidertzatik bi segundora jarri da eta ziabogara iritsi aurretik lidertzan eskuratu du. Maniobran 3 segundoko aldea zuen argi eta garbi atzetik aurrera etrorri den Lekitarrarekiko.

Hirugarren luzean bizkaitarrak bigarren kalera jo dute garbi-garbi, baina ez da nahikoa izan Ares txandako irabazlea gainditzeko. Ondarroa (+12) eta Kaiku (+15) urrutiegi geratu dira.

ARC-1 eta ARC-2 Getarian, kantabriarrentzat

ARC-1 Ligan, Pedreñak Getarian irabazi du gaur arratsaldean, I. Ekolo Banderan. «Pedreñera»k 20.21:77 behar izan du garaipena erdiesteko eta 12 segundo atera dizkio San Pedrori, lehen jardunaldiko garailea izan zenari. Getariari 24 segundo atera dizkio.

Ondoren sailkatu dira Arkote, San Juan, Camargo, Deusto, Donostiarra B, Zumaia, Astillero, Orio B eta Getxo.

Bi estropada ondoren, Pedreña eta San Pedro dira lidertzan, 23 punturekin. Ondoren daude Getaria (20), Arkote (17), San Juan eta Deusto (15), Camargo (12), Donostiarra B (9), Orio B (8), Zumaia (7), Astillero (4) eta Getxo (3).

Bestalde, Castrok ARC2ko bigarren jardunaldiari dagokion I. Ekolo Bandera irabazi du gaur Getariako uretan. «La Marinera» ohorezko txandan gailendu zaio Lapurdi liderrari eta Portugaleteri. Ondoren sailkatu dira Hondarribia B, Busturialdea, AN Castro, Mutriku, Zarautz B, Santurtzi B, Hibaika eta Santoña.

Sailkapen nagusia honelaxe dago: Lapurdi (21 puntu), Castro (20), Hondarribia B (18), Portugalete (16), Mutriku (13), Busturialdea eta AN Castro (12), Santurtzi B (7), Zarautz B (6), Hibaika (5) eta Santoña (2).

Euskotren Liga: Donostiarra sorpresa emanez

Albisterik esanguratsuena Arraun Lagunak taldearen ausentzia izan da. Gipuzkoarrek ez dute parte hartu seigarren jardunaldian, Covid-19an kasu positibo bat agertu baita taldean.

Arraunlari batek klubetik aldenduta jarraitzen du ostegunetik, ostiralean PCR proba egin zuen eta larunbat gauean positiboa baieztatu zuten. Positiboa ACTtik kanpoko ingurutik dator eta arraunketa klubeko medikuaren jarraipenarekin jarraituko du kirolariak.

Gauzak hala, “Orioko XIX. Emakume Estropada - VIII. Orio Kanpina Banderak” hiru ontzi izan ditu lehian. Lehen kaletik Orio abiatu da, sendo, hasiera-hasieratik buruan jarriz. Hori bai, lehen luzea amaitu baino lehen, Donostiarrak aurre hartu dio eta «Torrekua I.ak» eutsi egin dio amaiera arte, «San Nikolas» ontziari bigarren postua utziz.

Hondarribia, aldiz, oso atzean geratu da hasiera-hasieratik –lehen metroetan 3 segundo galtzen zituen jada–. Arraun Lagunaken ausentziak sailkapen nagusiko hirugarren postua eman dio «Ama Guadalupekoari».

ETE Liga

Tolosaldeak eraman du garaipena Getariako uretan, eta bigarrena du dagoeneko, estreinako estropadan irabazi baitzuen baita ere.

10.58:81ko denbora behar izan du Tolosaldeak. Hamar segundora sartu dira San Juan eta Deusto –60 zentesima bakarrik egon da bi hauen artean–. Ondoren sailkatu dira Zumaia, Ondarroa, Lutxana, Hibaika, Isuntza eta Lapurdi.

Bi estropada burutu direnean (denboraldiak 12 ditu), Tolosaldea, 18 punturekin, da ETE Ligako liderra. Ondoren daude San Juan eta Zumaia (14), Ondarroa (12), Deusto (11), Hibaika (8), Lutxana (6), Isuntza (5) eta Lapurdi (2).