NAIZ

EAEko Hezkuntza alorreko sindikatuek irailaren 15eko greba deialdia erregistratu dute

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek hezkuntza alorrean deitu duten grebaren deialdia erregistratu dute ostiral honetan. Sindikatuen ustez, «hipotesi zaila» da greba bertan behera uztea, apiriletik ez dutelako izan Hezkuntza Sailarekin harremanik. Cristina Uriarte sailburuaren adierazpenak kritikatu dituzte.

Hezkuntzako sindikatuak, Lakuaren Bilboko delegazioaren aurrean bilduta. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Hezkuntzako sindikatuak, Lakuaren Bilboko delegazioaren aurrean bilduta. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek Lakuako Bilboko ordezkaritzan irailaren 15erako EAEko Hezkuntzan, publiko zein pribatuan, deitu duten greba erregistratu dute, ikasgeletara «itzulera segurua» exijitzeko. Halaber, irakaskuntzako langileen elkarretaratzeak egin dira ikastetxe askotan, arrazoi beragatik.

ELAko irakaskuntza arduradun Miren Zubizarretaren ustez, «ikastetxeetan ez dagoe baliabide nahikorik eskola komunitateko kideen osasuna bermatzeko». Nabarmendu du protestek eta mobilizazioek aurrera jarraituko dutela «aurrez aurreko eskoletara modu seguruan itzultzeak eskatzen dituen beharrei erantzun arte».

Ildo beretik, irailaren 10ean protestak deitu dituzte EAEko hiru Hezkuntza Ordezkaritzen aurrean. Egun horretan, 18.00etan, mobilizazioak antolatu dituzte egoitza horien aurrean Bilbon, Donostian eta Gasteizen, Hezkuntza alorreko komunitatea ere gonbidatuz.

Irakaskuntzako sindikatu guztiek negoziazioa eskatu dute bai Administrazioarekin bai patronalekin. Sindikatu hauen ustez ikasgeletara itzultzea planifikatzeko ezinbestekoa dira langile gehiago, ikasgela bakoitzeko ikasle gutxiago eta ordezkapenak lehen egunetik.

Harremanik ez Sailarekin

Hezkuntzako sindikatuek onartu dute «hipotesi zaila» dela irailaren 15eko greba bertan behera uztea, Lakuako Hezkuntza Sailak «bi hilabete luzeetan» langileen ordezkariekin «harremanik izan nahi izan ez duelako».

«Ukatzen dugu erabat kontaktuak izan direla. Beti esan izan dugu foro zehatzak daudela sindikatuek eta Sailak hitz egin dezaten, baina Hezkuntza Sailak argi eta garbi utzi ditu esparruak», esan du CCOO Irakaskuntzako bozeramaile Pablo Garcia de Vicuñak. Cristina Uriarte sailburuak egindako adierazpenei buruz, Garcia de Vicuñak gehitu du «ez dela egon lan osasuneko batzorderik apiriletik, ez plangintza mahairik ekainetik aurrera».