NAIZ

Bilbao Kirolak-en 8 urtetik beherakoei zuzendutako ikastaroak ere eskaintzea eskatu du EH Bilduk

EH Bildu Bilbok Udal Gobernuari bere erabakia bertan behera uzteko eta beharrezko baliabideak jar ditzala Bilbao Kirolak-ek 8 urtetik beherakoei ere ikastaroak segurtasunez eskaini ahal izateko eskatu dio.

Bilbao Kirolak-en kurtsoak.
Bilbao Kirolak-en kurtsoak.

EH Bilduko Udal taldeak «haserre» agertu da Bilbao Kirolaken Udal Gobernuak hartutako «aldebakarreko» erabakiaren aurrean, «beste behin ere, txikienei» eragingo dielako, eta «haietariko askok, kirolik egin ezin izango dutelako, eta euren garapenean oso garrantzitsua dela kontuan hartu behar delako».

«Pandemia egoeran ikastaroak antolatzeko dauden zailtasunen aurrean, udal Gobernuak aukera errazenaren alde egin du, 2013tik aurrera jaiotako haurrentzako ikastaroak ezabatuz, bilbotar haur askori kirola egiteko aukera kenduz», kritikatu du koalizio subiranistak.

EH Bilduk gogorarazi duenez, kirol adituek nabarmendu dute haurrek bere garapen zuzenerako ikasgelaz bestelako aisialdia behar dutela. «Horretarako, ezinbestekoa da kirol eskaintza publikoa izatea», gaineratu du.

Ikastaro horiek bertan behera geratu direla eta, EH Bilduk Udaleko Kirol arduradunari galdetu dio zeintzuk izan diren erabaki hori hartzeko irizpideak, eta ea alternatibarik proposatu den zortzi urtetik beherako haurrei zuzendutako kirol ikastaroak erabat bertan behera ez uzteko.

Ildo horretan, gogorarazi duenez, Azkuna Zentroko Jarduera Fisikoaren Zentroa, titulartasun publikokoa, adin guztietako haurrentzako kirol ikastaroak eskaintzen ari da. «Azkuna Zentroan posible bada, Bilbao Kirolak-en zergatik ez?», galdetu du.

EH Bilduk adierazi duenez, «borondatea baldin badago», Bilbao Kirolak-ek ikastaro horiek antola ditzake bertaratutakoen segurtasuna bermatuz, «baina, horretarako, ahaleginak egin behar dira: talde txikiagoak antolatu, langile gehiago kontratatu, espazioak bilatu…».

«Horren ordez, komunikabideen bidez jakin dugu Bilbao Kirolak-ek 8 urtetik beherakoei zuzendutako ikastarorik ez dituela eskainiko», adierazi du. «Ez da onargarria, hori dela eta, Udal Gobernuari azalpenak eskatuko dizkiogu», adierazi du.