NAIZ
DONOSTIA

Grises zestoarrak ‘Talisman’ lanarekin itzuliko dira

Zestoarrek beren ibilbidean etenaldi labur bat egin ondoren, eta pandemiaren aurretik bi kanta berri aurreratu ostean, Grises taldearen seigarren lana dena kaleratuko dute ostiral honetan, ‘Talisman’. Hitzei protagonismoa kendu gabe, soinuaren planteamendu berri batekin dira bueltan.

Grises seigarren lanarekin itzuli da, ‘Talisman’. (NAIZ)
Grises seigarren lanarekin itzuli da, ‘Talisman’. (NAIZ)

Grises taldea bueltan da. Gaztañaga anai-arrebek, Amancay (ahotsa), Eñaut (ahotsa eta gitarra), Alejandro Orbegozo (teklatua eta sintetizadoreak), Gartxot Unsain (baxua) eta Gaskon Etxeberriak (bateria) osatutako taldea ‘Talisman’ seigarren diskoa plazaratzeko atarian dago.

Abeslari eta taldearen ekoizle den Eñaut Gaztañagak berak Gaztain estudioetan grabatu eta nahastuta, ostiral honetan argitaratuko da, Victor Cabezuelo (Rufus T. Firefly) eta Jurgi Ekizaren (Willis Drummond, Ekiza, EraBatera...) kolaborazioekin.

Aurtengo udaberrian, mundu mailako pandemiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zuten kaleratze eta biraren aurretik, azken lan honetako bi kanta aurreratu zituzten, ‘Veneno’ eta ‘Amazonia arde’, eta orain, inoiz baino indar handiagoz ekin nahi diote garai berri honi.

Bere ibilbidean etenaldi labur bat egin ondoren, zuzeneko proposamen interesgarrienetako baten funtsa aldatu gabe, soinuaren planteamendu berri batekin eta hitzei protagonismoa kendu gabe bueltatuko da Grises, aurreratu dutenez.

‘El Hombre Boligrafo’ (2011) lehen lanak indie anglosaxoi tradizionalenetik edaten zuen, ‘No se alarme señora, soy soviético’ (2013) lanak unibertso dantzagarriago bat esploratzen zuen, ‘Animal’ (2014) lan esanguratsuak hau berretsi zuen, proiekzioa zuen talde izatetik ezinbesteko bihurtzeraino. Ondoren etorri ziren ‘Erlo’ (2016) –grabaziorik esperimentalena, elektronikoena eta uda usain handikoa– eta ‘De Peces y Árboles’ (2018), non ahotsek eta hitzek inoiz baino garrantzia handiago hartu zuten.

Zestoakoek berriro ekingo diote lan berri honekin beren asmo primitiboenei: «ikus-entzuleek dantza egitea da hemen helburua». Hala aritu dira orain arte, eta elektro-pop kementsu eta itsaskor baten erritmoan merezitako lekua lortu dute estatuko jaialdi garrantzitsuenetan (BBK Live, Sonorama, Arenal Sound, Low Festival, Ebrovisión,...) zein areto mitikoenetan (Joy Eslava, Apolo, Razzmatazz...).