NAIZ

1966an Albertiri egindako «erbesteratuen omenaldia» gogoratu du Parisek

1966. urtean, ehun poema eta eskutitz inguru eta Picassoren eta Julian Pachecoren koadroak eta Antoni Tapies eta Rafael Canogar-en ilustrazioak zeramatzan paper-zorroa jaso zuen Rafael Albertik omenaldi gisa. 54 urte beranduago, paper-zorroko zenbait eduki Parisen daude ikusgai, Bilboko galerista batek ezustean topatu ostean.

‘ExiliArte’ erakusketa 2021eko urtarrilera bitartean erakutsiko da Parisen. (NAIZ)
‘ExiliArte’ erakusketa 2021eko urtarrilera bitartean erakutsiko da Parisen. (NAIZ)

Frankismoak iraun zuen bitartean Paris artista erbesteratu askoren egoitza bilakatu zen. Rafael Alberti izan zen jaioterria utzi behar izan zutenetako bat, eta hiriburu frantziarrean bizi izan zen 36ko Gerra lehertu zenetik 1940ra arte, urte hartan nazismoaren gorakadaren eraginez Paris utzi eta Teresa Leon emaztearekin batera Buenos Aireseko bidea hartu baitzuen poeta andaluziarrak.

1966. urtean, jada Erroman bizi zela, hainbat artista plastiko eta intelektual erbesteratuk omenaldia egin zioten Pariseko Salle de la Mutualiten, eta ehun poema eta eskutitz inguru eta Picassoren eta Julian Pachecoren koadroak eta Antoni Tapies eta Rafael Canogar-en ilustrazioak zeramatzan paper-zorroa eskaini zioten, omenaldi gisara. Luis Buñuel, Jaime Salinas, Jesus Izcaray, Camilo Jose Cela, Ana Maria Matute eta Jose Maria Peman dira omenaldi hartan parte hartu zutenetariko batzuk.

Paper-zorro horretako edukiak Parisera itzuli dira orain, ‘ExiliArte’ erakusketaren zati bilakatzeko. «Erakusketaren helburua omenaldia egin zioten horiek omentzea da», azaldu du Parisko Cervantes Institutuaren egoitzan dagoen erakusketako komisario Carmen Bustamantek. Erakusketa Alacanteko Unibertsitatea garatzen ari den ‘Devuélveme la voz’ proiektuari esker osatu ahal izan da. Ekimen horren baitan Radio Paris irratiaren frankismo garaiko artxiboen berreskuratze lanak egiten ari dira. Parisetik emititzen zuen irrati horren bidez, frankismoaren zentsurapean iristen ez ziren albisteak jasotzen ziren Estatu espainolean, eta Parisera iritsi berritan bertan lanean aritu zen Alberti bera.

«Memoria historikoa berreskuratzea ez da soilik hildakoak arekatatik ateratzea, horrenbeste sufritu zuten horien guztien istorioa ezagutzea ere bada», nabarmendu du Bustamantek, eta erakusketan ikusgai jarri dituzten artelanetatik asko publiko orokorrarentzat ezezagunak diren erbesteratuenak direla gaineratu du.

Bilbon agertu da Albertiren paper-zorroa

Artelanekin maiz gertatzen da haiek gordetzen dituztenek ez dutela zehazki ze balio duten jakiten. Sol Panera galerista bilbotarra izan zen paper-zorroa aitaren Aritza galerian aurkitu eta haren balioaz jabetu zena. Antza denez, Alberti 1999. urtean hil ostean paper-zorroa Rufino Ceballos, Parisen erbesteratu zen margolarietako baten eskuetan erori zen, eta honek aldi berean Paneraren aitari helarazi zion. Panerak aurkitu zuenerako lanik baliotsuenak, Picasso eta Tapies-en piezak tartean, desagertuak ziren.

Azaldu dutenez, omenaldian parte hartu zuten artistetatik asko Leone etxean biltzen ziren. Senaren ertzean kokatutako etxea Ceballos eta haren emazte Conchitaren bizilekua zen, eta Parisen bizi ziren erbesteratuen bilgune bilakatu zen. Hortik paper-zorroak han bukatzea.

Erakusketan, hainbat margolan eta horiei testuingurua ezartzen dieten panelak daude ikusgai, baita Rafael Alberti Fundazioak utzitako zenbait poema, eskutitz eta bestelako material ere. Albert Memmi, Andre Liberati edota Henri de Lescoet intelektual frantziarren eskutitzak, Carmen Conderen poemak edota Jose Corredor Matheos-en sonetoak, Albertiri eskura eman zizkionak, ikus daitezke, besteren artean.

1966ko omenaldi hartako materialarekin Parisen erakusketa antolatzen den lehen aldia da. Cevantes Institutuan 2021eko urtarrilaren 21era bitartean egongo da ikusgai eta, ostean, Okzitaniako Tolosan, Erroman, Napolin eta Tangerren erakutsiko da, Alberti eta orohar libreki adierazteko ihes egin behar izan zuten horien guztien ahotsa gal ez dadin.