
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek urriaren 21, 27 eta 29rako EAEko eskola jantokietan deitutako grebari eutsiko diote. Ikastetxe publikoetako, pribatuetako eta itunpeko ikastetxeetako jantokietako azpikontratetako langileak daude deituta grebara.
Grebari eustea erabaki dute nahiz eta Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak bilera batera deitu dituen astearte honetan, lanuztearen hasieraren bezperan. Bilerarako gonbita «denborarik gabe» egin dela diote sindikatuek.
Greba deialdia urriaren 7tik dago egina eta horregatik iruditzen zaie bilera honek gehiago dirudiela «herritarrei eta familiei begirako mugimendua, arazoa konpontzekoa baino, azken egunera arte itxaron baitu». Edonola ere, bilerara bertaratzea erabaki dute, aurreikusitako greba deialdiari eusteko konpromisoarekin.
Maiatzetik bilera eskatzen
Sindikatuek azaldu dute maiatzaz geroztik Hezkuntza Sailarekin bilera bat egiteko eskatu zutela, «eskola jantokien itzulera segurua aztertu eta negoziatu ahal izateko».
Orain arte hartutako erabakiak, baina, «alde bakarrez» hartu eta ezarri izana leporatu diote Lakuari. Era berean, joan den irailaren 15ean hezkuntza komunitate osoak lehen greba deialdia egin ondoren, bilerara hezkuntzako langileen mahai guztiak deitu eta azpikontratetako langileez ahaztu izanaz kexatu dira.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek gaitzetsi egin dute Hezkuntza Sailak jantokietako langileekin izan duen jarrera, enpresa pribatuek kontratatutako langileak izan arren EAEko ikastetxeetan zerbitzuak ematen dituzten langileak baitira.
Bilerarako gonbita berandu egin izanagatik ere, uste dute langileek deitutako mobilizazioei esker kolektibo honen aldarrikapenak entzutera eseriko dela Lakua: «Mobilizazio horiek gabe eta sektoreak duen indarrik gabe bilera hau ez litzateke posible».
«Hala ere, langileen eskaria Sailarekin bilera bat egitea baino haratago doa, eta aldarrikapenak oso argiak dira: segurtasunaren bermea, enpleguari eta lan baldintzei eustea, ratioak jaistea eta lan kargak ez handitzea, zerbitzu seguruak eta kalitatezkoak eskaintzea».
Mobilizazioak hiriburuetan
Hiru eguneko greba deialdiaren lehen jardunaldia asteazken honetan izango da eta mobilizazio bana iragarri dituzte hiriburu bakoitzean.
Bilbon 11.30ean Moyuatik aterako da manifestazioa, Lakuak Bilbon duen egoitzaraino; Donostian eta Gasteizen, Hezkuntza Sailak hiriburu bakoitzean duen ordezkaritzaren aurrean elkarretaratuko dira 12.00etan.
%100 garbitzaile eta %10 sukaldari eta begirale
Lakuako Gobernuak jakitera eman ditu eskola jantokietan abiatuko den grebarako ezarri dituen zerbitzu minimoak. Zehaztu du garbitzaileen arloan zerbitzua %100ean egon beharko dela eta sukaldari zein begiraleen kasuan, %10ean.
Lakuako lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak azaldu du hiru greba egun horietan jantokietako zerbitzua bermatu beharko dela eta, horretarako, «erraz prestatzen diren elikagaiak sukaldatuko dira, bai zentroetan bertan, baita azpikontratatutako enpresetako sukalde zentraletan». Horretarako, sukaldeko langileen %10ek lan egin beharko duela ezarri da.
Begiraleen kasuan, portzentaje berdinak egin beharko du lan haurrek 4 urte edo gehiago dituzten jangeletan. Txikienei dagokienez, begiraleen proportzioa handitu egin da: bat 9 haurreko 2 urtekoen geletan, eta bat 15 haur bakoitzeko 3 urtekoen geletan.
Premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko, aginduak ezartzen du «beren elikadura beharrak betetzeko» nahitaezkoa den begirale kopurua egon beharko dela.
Covid-19aren kutsadurari aurrea hartzeko ezarritako higiene neurrien ondorioz, Mendiak azaldu du «saihetsezina» dela hiru greba egun horietan eskoletako jantokietako garbitzaileen %100ek lan egitea. Sare publikoak eskaintzen duen jantoki zerbitzuetara 75.000 ikasle joaten direla zehaztu du.

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu
