NAIZ

Euskal zazpi zuzendariren film banarekin ekingo dio Zinebik edizio berriari ostiral honetan

Zazpi euskal egileren film laburrak ikusteko aukera izango da ostiral honetan Zinebi jaialdiaren hasierako galan, Arriaga antzokian. Bigarren emanaldia datorren ostegunean izango da Alondegian. Bertan aurkeztu dituzte gaur zinegileek euren lanak.

Ostegun honetan aurkeztu dituzte egileek euren lanak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Ostegun honetan aurkeztu dituzte egileek euren lanak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Zazpi izenburu, euskal egileek eginak. Denak erakutsiko dira ostiral honetan eta datorren ostegunean Zinebi jaialdiaren barruan.

Lehena ‘Ehiza’ da, elkarrizketarik gabea, Hauazkena Taldearena, adin guztietako 25 artistek osatzen dutena. «Bizi dugun egoeraren premonizioa izan zitekeenaren sentsazioa genuen. Hurrengoak gu ez ginelakoan ginen, baina tokatu zaigu», adierazi du gaur Bego Vicariok, taldearen koordinazio lanez arduratu denak. Bere esanetan, Zinebi izan da bere belaunaldian zinemaren birusa zabaltzearen ‘erruduna’.

Lur Olaizolak bere bigarren lana aurkeztu du, ‘Zerua blu’. Zinemak desioak piztu eta bizitza aldatzeko daukan boterea erakusten du dokumentalak. Ortzaizeko bizilagun baten bizipena dago oinarrian. Film batean AEB-ak ikusi eta hainbeste zirrara sortu zion, itsasoa zeharkatzeko grina sorrarazi ziola.

Hirugarren lana, fikziozkoa, Estibaliz Urresolaren ‘Polvo somos’ da. Familia bereko lau kideren harremanak erakusten ditu muturreko egoera batean. «Familia harremanak interesgarriak dira niretzat eta nire lanean beti agertzen dira», onartu du.

‘Homeless Home’ animaziozko film laburra zuzendu du Alberto Vazquezek. Annecyko jaialdian, nazioarteko garrantzitsuena, epaimahaiaren saria eskuratu zuen joan den ekainean.

Bestalde, Maria Elorzak eta Koldo Almandozek Euskadi Irratian egindako elkarrizketa bati irudiak jarri dizkiote ‘Quebrantos’ filman. Muntaia lana izan da gakoa, izan ere, 8 minutuko lanerako 2 urte behar izan dituzte.

‘Maite’ autobusetik jeitsi eta baso artean ibiltzen hasten den neskaren istorioa da. Xabier Larrazabalek kontatu duenez egun batetik bestera, lagun artean landutako proiektua da. «Aspalditik genuen buruan istorioa», azaldu du.

Azkenik, Aitor Gametxoren ‘Hemen, gaur, berriz’ fikzio ukituak dituen dokumentala da. Victor eta Mikelek, Bilboko Aste Nagusian ezagutu zirenetik urtero egiten duen errituala erakusten du lanak.

Zazpi izenburuak bi sarirako lehian izango dira. Jaialdiaren Sari Nagusia, 7.000 eurokoa da. Mikeldi saria, berriz, hiru sailetan ematen da: fikzioa, dokumentala eta animazioa, eta bakoitzean 5.000 euroko saria ematen da. 

«Ikaragarrizko ahalegina ari gara egiten jaialdia aurrez aurrekoa izan dadin, baina merezi du», adierazi du Zinebiko zuzendari Vanesa Fernandezek.