
Australiako Armadako eliteko soldaduek 39 zibil eta atxilotu afganiar erail zituzten «gudaren presiopean» ez zeuden gertakarietan. Kasu gehienetan, gainera, soldadu iritsi berriak «hazteko» erritualekin zerikusia zuten sarraskiek.
Angus Campbell Armadaren buruak aurkeztu du gaur ikerketa. «Australiako Defentsa Indarren izenean, bene-benetan barkamena eskatzen diot herri afganiarrari gure soldaduek egin dituzten krimen guztiengatik», azaldu du Camberran egin duen prentsaurrean.
Australiako Gobernua ezkutatzen saiatu den arren, ezagutu diren hainbat salaketaren ostean ikerketa kaleratu egin du Armadako Ikuskaritza Orokorrak. 465 orrialde ditu lanak baina hainbat atal zentsuratu egin dituzte, lege aitzakiak argudiatuz.
Ikerketak soldaduen ustezko gerrako krimenak aztertzen ditu, 2005 urtetik (Australia Afganistanen buru-belarri sartu zenean) 2016ra bitartean, ikertzeko agindu zuten urtea.
Salaketak eliteko 19 soldadu ikertzeko eskatzen dio Poliziari. Gutxienez 23 istilutan borrokalariak ez zirenak atzemateko orduan lege humanitarioak eta gerra egoeran nazioarteko legedia hautsi zutela «sinesgarria» dela dio txostenak.
Isilpeko kodigoa
Erailketa gehienak 2012-2013 bitartean egin zituzten, «gudaren harrabotsetatik at». Kasu batzuetan, patruilen agintariek preso afganiarrak erailtzera behartu zituzten soldadu gazteenak, hastapeneko erritualetan.
Legez kanpoko exekuzioen ostean armak eta munizioa uzten zituzten gorpuen ondoan argazkiak ateratzeko eta sarraskiak ezkutatzeko asmoz.
Krimenak salatu nahi zituzten hainbat soldadu beldurrarazten zituzten patruilen agintariek, normalean sargentoak eta kaboak, isilarazteko.
Dokumentuak salatu izan diren istilu guztiak ikertzen baditu ere, ez du errudunen izen-abizenik ematen. Biktimak eta sarraskiak gertatu ziren leku zehatzak ere ez ditu identifikatzen.
Komunikabideek, hala ere, sarraskien berri eman dute, lekukoen testigantzekin, batez ere 2016 urtetik hona. Urte hartan ezagutzera eman zen Samantha Crompvoerts Armadako soziologoak egin zuen ikerketa, salaketa posible egin duena.
Crompvoerts-ek salatu zuenez, eliteko soldaduek atxilotuak lotu eta torturatu egiten zituzten galdeketetan. Australiako patruilek herrixketatik alde egiten zutenean atxilotutakoak «hilda zeuden, burua tiroa jota, begiak estalita eta kasu batzuetan lepoa moztuta».
Lepoak moztu eta errekara bota
Australiako Parlamentuaren webean argitaratu den ikerketak 14 urteko bi gaztetxo afganiarraren kasua aipatzen du. Ustez talibanekin harremanak zituztelakoan, lepoa moztu zieten eta gorpuak errekara bota zituzten.
ABC kateak ere Australiako soldaduen gerrako krimenak salatu zituen 2017an, legez kanpoko exekuzioak tartean, baina salaketaren ostean Polizia komunikabidearen erredakzioan sartu zen eta miatu egin zuen, «Artxibo afganiarrak» izeneko dolkumentuak eskuratu asmoz.
Besteak beste «C soldaduaren» kasua aipatu zuen kateak urte hartako maiatzean, 2012an Afganistango herrixka batean buruko gaitza zuen gizo bat tiroz erail zuten gizonarena alegia. Lehenago soldadu berberak armarik ez zuen beste zibil bat erailtzen zueneko irudiak kaleratu zituen hedabide horrek.
Hala ere, Armadaren ikerketaren arduraduna, Paul Brereton generala, ziur omen zegoen «ikertzeari ekin genionean salaketa horiek zurrumurru faltsuak izango zirela». «Ez genuen nahi horrelako emaitzak izatea. Guztiz atsekabetuta gaude», amaitu du. Etsita egongo da, baina bizirik eta osorik, Australiako Armadako biktimak ez bezala.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Intensidad, fútbol, emociones, polémica y empate en el derbi vasco de San Mamés (1-1)

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción
