Amaia U. Lasagabaster

Erronka argia dauka Eibarrek Getaferen aurka

Gorri-urdinek Ipuruan denboraldiko lehen garaipena nahi dute, aurreko biak etxetik kanpo lortu ondoren. Kevin eta Quique González deialditik kanpo geratu dira; Recio, berriz, bueltan dago.

Pedro Leon hamaikakora buelta daiteke bere talde-ohiaren kontra Kevin ordezkatuz. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Pedro Leon hamaikakora buelta daiteke bere talde-ohiaren kontra Kevin ordezkatuz. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Bolada txarra larregi luzatu baino lehen, Eibarrek beherapen postuetatik urruntzea du helburu igande honetan, denboraldiko hirugarren garaipena eskuratuz. Lehena Ipuruan (14.00, Movistar La Liga), orain arte bisitari guztiek eraman baitute sariren bat zelai eibartarratik.

Gorri-urdinen erronka argia da. Aurkaria, berriz, zaila. «Zailenetarikoa», Jose Lus Mendilibarren esanetan, Getafe azken urteotan baino emaitza eskasagoak lortzen ari bada ere. Baina zaldibartarraren esanetan, urdinek «beti lehiatzen dute. Ez dira inoiz erlajatzeneta beti oso partida zailak egiten dizkizute. Aurkari zailenetarikoa dela uste dut».

Aurkariairi begiratu barik ere, armaginek badaukate zertaz kezkatu. Alde batetik, euren eraso-jokoari dagokionez, «aurreko urteotan areara heltzen zen talde bat izan gara, hegaletatik igo, erdiraketa asko egin, aurrelariekin batera zelaierdiko agertzen zen arean errematatzeko…», gogoratu du Mendilibarrek. Baina orain «hori falta zaigu. Batzutan une onak dauzkagu baina sentsazioa ez da gola sartuko dugula, arrisku-sentsazioa ere ez dugu sortzen».

Horregatik lan-saioetan «ahalegintzen ari gara guzti hori lantzen. Hegaletik igo erdiraketak botatzeko, jendea igotzea, jendea prest egotea aldaratze bat dagoenean berriro areara bidaltzen edo errematatzen saiatzeko…». Defentsa-lanetan ere badauka zertan hobetu Eibarrek. «Gertatu zaigu ondo egotea eta aurkariak, jokaldi isolatu baten, aukera bat sortu edo gola sartzea ere. Kontua da ondo egoteak ez duela esan nahi bakarrik baloiarekin ondo egotea, heltzea… Aurkariak baloia lapurtzen dizunean, baloia daukanean, orekatuta egon behar zara, adi… Ezin da bi pasekin zure areara heldu», esan du entrenatzaile bizkaitarrak.

Horregatik, «erasoan ari garenean jokoan zuzenean parte hartzen ari ez diren jokalariek arreta handiagoa ipini behar» dutela azpimarratu du. «Baloitik gertu eta jokalditik gertu daudenak, normalean, adi daude. Baina batzutan badirudi partehartze zuzena ez dutenak ilargian daudela. Adi egon behar gara, arreta handiagoarekin jokatu, orekatuagoak… Eta askoz gehiago hitzegin gure artean, elkarrekin laguntzeko».

Nahitaezko aldaketak egongo dira Mendilibarren hamaikakoan Getafe hartzeko. Bat, gutxienez, Kevin Rodrigues deialditik kanpo geratu baita arazo fisikoekin, Quique Gonzalez bezela. Pedro Leonek har dezake bere lekua eskuin hegalean eta baliteke berritasun gehiagorik ez egotea hasierako taldean. Deialdiko bakarra, altei dagokienez, Recioren itzulera da.

Jose Bordalasek, bere aldetik, Cabaco «zigortu» du deialditik kanpo utziz, atzelariak klubak zabaldutako bideoan barkamena eskatu zion arren. Maksimovic etxean geratu da ere baina bere kasuan arazo fisikoak dituelako. Getafeko entrenatzaileak «partida zaila» espero duela adierazi du. Mendilibar «sekulako entrenatzailea da, bikaina. Eta bere ukitua eman dio taldeari, berezko nortasuna dauka. Etxean oso talde zaila da Eibar eta etxetik kanpo ere oso lehiakorra da. Ez dut neurketa errezik espero».