Arnaitz Gorriti

IDK Euskotrenen esfortzuak ez du merezitako saririk izan Kanaria Handiaren etxean (72-66)

Lehenengo laurdenean 20-3 galtzen joatetik, sei minuturen faltan 57-60 aurretik jartzera pasa dira donostiarrak. Azken minutuetan, ordea, ez indarrik ez zorterik ez dute izan. Lointek Gernika Bizkaiak egurra eman dio Cadi La Seuri eta Araskik, berriz, asko kostata irabazi dio Bembibreri.

Lara Gonzalezek bere ohiko indarra eman dio IDK Euskotreni, baina zorterik gabe. (José DE HARO)
Lara Gonzalezek bere ohiko indarra eman dio IDK Euskotreni, baina zorterik gabe. (José DE HARO)

SPAR KANARIA HANDIA 72 - IDK EUSKOTREN 66

Zertarako hainbeste ahalegin gero azkenean galtzeko! Aurreneko laurdenean 20-3 galtzen egon da IDK Euskotren, partida amaitzeko sei minutu falta direla, etsitzeke eta pazientziarik galdu gabe, markagailuari buelta emateko, baina azkenean, igo berria den Spar Kanaria Handiaren kantxan galtzaile atera da Azu Muguruzaren taldea.

Meiya Tirerak barrutik eta Antonia Delaerek kanpotik –15 puntu, 8 errebote eta 5 asistentzia belgiarrarentzat–, talde donostiarrari haizea eman diote. Horrez gain, aurreneko laurdenean hainbeste min eman duen Sparkle Taylor –Emakumeen Ligako bigarren saskiratzailerik onena, batez beste 19 puntu sartzen dituela– nola edo hala gelditzea erdietsi dute minutuek aurrera egin ahala. Atsedenaldira markagailua 33-22 dela iritsi bada ere neurketa, donostiarrek lanean segi dute.

Bigarren erdian, berriz, Lara Gonzalez eta Laura Garcia gehitu zaizkie Delaere eta Meiya Tirerari. Asko kostata izan bada ere, kanariarren abantaila murriztea lortu dute halakoren baten Azu Muguruzarenek. Are gehiago neurketa amaitzeko sei minuturen faltan Meiya Tirerak markagailua 57-60 ipini duen arte donostiarren alde.

Baina zortea ere aldeko izan dute kanariarrek. Esaterako, 59-60 atzetik dela, Sparkle Taylorren taularen kobtra hiruko bat sartu du, eta segidako jokaldian gipuzkoarren 62nakoa lortu badute ere, Marta Hermida etxekoen antolatzaileak hurrengo erasoan beste hiruko batekin erantzun du. Azken minutu horietan donostiarrak indarrik gabe geratu dira azkenean eta, bada, ezin izan dute osteguneko derbian lorturiko garaipen handia berretsi.

LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 80 - CADI LA SEU 61

Uste baino errazago nagusitu da Lointek Gernika Bizkaia ustez aurkari zuzen beharko lukeen Cadi La Seuren aurka. Lehenengo laurdenean aldea hartu dute Mario Lopezenek eta azken aldera katalanak markagailuan zortzi puntura hurreratu badira ere, azken minutuetan indarrek huts egin diete eta ez dira gai izan bizkaitarren joko bolada gelditzeko.

Ostegunean ez bezala, urruneko jaurtiketetan oso fin aritu dira gernikarra. Bjorklund bueltan izateak mesede egin die, itxura baten, hiruko jaurtiketetan %50 asmatu baitute. Roso Buch izan da Gernika Bizkaiaren saskiratzailerik finena, 19 punturekin; 16 lortu ditu bere aldetik Laura Cornlius antolatzaileak eta hamarna sartu dituzte Roundtreek, Nadia Colhadok eta Nogale Lok ere.

Aurreneko laurdenean egin du hanka Lointek Gernika Bizkaiak, baina etxekoen abantaila 23-10ean atera dituzten 13 puntuez gainetik ibili da ia denbora osoan. Hogein puntuko aldearekin ere ibili dira Mario Lopezenak, eta abantaila horrek emandako lasaitasunaz, partida ongi kudeatu dute.

Ez da, hala ere, Cadi La Seu besterik gabe besoak jaisten dituen arerioa. Katalanek etsi gabe borroka egin dute, eta hirugarren laurdenean zortzi puntura hurbiltzea ere lortu dute, baita laugarrenaren erdialdera ere, 65-57koa ezarri duenean Mestresen hiruko batek.

Baina ez da sorpresarako lekurik egon. Bizkaitarren barruko jokoa goitik behera nagusitu da, eta Nogale Lo eta Roundtreeren bidez,berriz ere aldea zabaldu du Gernika Bizkaiak. Azken minutuetan, berriz, Roso Buchen kanpoko jaurtiketek errematea jarri diote partidari.

EMBUTIDOS PAJARIEL BEMBIBRE 52 - KUTXABANK ARASKI 54

A zer eskapada egin duen Kutxabank Araskik Emakumeen Endesa Ligako azkenaren kantxan! Oso ongi haso badira ere gasteiztarrak, Tamara Abalde kantxetara itzuli den egunean orkatilako lesioa atzean laga ostean, galtzear izan dira Madelen Urietarenak. Azken bi minutuetara 52-47 atzetik iritsi dira markagailuan, eta oso nekez, kostata eta sufrituta, 0-7ko partzial bati esker irabazi dute azkenean. Hasteko, Maria Asurmendik saskipera hurbilduta sartu du 52-49koa; Anna Cruzek hiruko bati esker berdindu du; azkenik, Tamara Sedak aurrez Anna Cruzek kale egindako barneratze bat baliatu du 52-54koa sartzeko. Hala ere, Bembibrek neurketa luzapenera bidaltzeko aukera izan du, baina ez du asmatu.

Nahi baino gorabehera gehiago izan ditu Araskik; Madelen Urietak sekulako errieta pare bat ere bota dizkie jokalariei, desesperazioaren desesperazioz. Lehenengo laurdena 13-20 irabazten amaitu ostean, okertzen joan da arabarren jokoa, eta hirugarren laurdenaren amaierara atzetik iritsi dira: 42-37.

Azken hamar minutuak hasterakoan 2-10eko partziala erdietsi dute gasteiztarrek, Abalde eta Tamara Sedaren bidez. Baina ia azkenera arte 47 puntu horietan katiatuta geratu da Araski, eta aukeran behar baino baloi gehiago galdu dituzte. Aurrean, berriz, Araskiko jokalari ohi Roselis Silva antolatzaile venezuelarraren eskutik, 8-0eko partziala lortu du Bembibrek.

Urduritasunak ia gain hartu dio Araskiri, baina Asurmendi eta Cruzen eskarmentuari esker, eta azken orduan Tamara Sedak uztaipeak erakutsi duen indarrari esker, buelta eman diote markagailuari, eta halakoren baten denboraldiko laugarren garaipena lortu dute arabarrek.