Maite Ubiria

Ipar Euskal Herria jadanik ez dago alerta maila gorenean

Pirinio Atlantikoen departamendua jadanik ez dago alerta maila gorenean. Covid-19aren eboluzioak hobera egin du azken astean eta intzidentzia tasak behera egin ondoren ospitalizazio tasa ere pitinka-pitinka apaltzen ari da.

Baionako erietxeko zuzendaria den Michel Glanes mikrofonoa eskutan joan zen azaroaren 19an larrialdietako zerbitzuaren aurrean. (Guillaume FAUVEAU)
Baionako erietxeko zuzendaria den Michel Glanes mikrofonoa eskutan joan zen azaroaren 19an larrialdietako zerbitzuaren aurrean. (Guillaume FAUVEAU)

Emmanuel Macron frantziar presidenteak azaroaren 24an, astearte honetan, jakitera emanen du zer bilakaera izanen duen heldu den astetik landa urriaren 30ean aldarrikatu zuen birkonfinamenduak.

Antza denez, lau asteko etxeratzearen ostean hainbat neurri aringarri iragarri ditzake estatuburuak, hala nola denda txikien berrirekitzea baimentzea.

Pandemiaren eboluzioak hobera egin du azken astean Ipar Euskal Herrian. Azaroaren 14an intzidentzia tasa altua zenez (254 kutsatze 100.000 biztanlekiko) alerta gorenean zen oraindik ere Pirinio Atlantikoen departamendua.

Alta, Akitania Berriko Osasun Agentziak iragan asteburuan egin zuen asteko bilanak berri itxaropentsua utzi zuen: Pirinio Atlantikoen departamendua alerta gorenean izatetik alerta indartuaren egoeran izatera pasa da bere intzidentzia tasa 250ko langaren azpitik kokatu delako.

Ipar Euskal Herria eta Biarno bere baitan hartzen dituen departamenduak 160,4ko intzidentzia tasa izan zuen azaroaren 13 eta 19 arteko astean.

Hobekuntza nabarmena, beraz. Are gehiago azaroaren 12 eta 18 arteko astean 193ko intzidentzia tasa erregistratu zela aintzat hartuz gero.

Izan ere erietxeetan egoera konplexua da oraindik. Saturazio arriskurik ez dute ikusten Baionako ospitaleko arduradunek. Alta, covid-19ak jota diren pazienteek larrialdi zerbitzuen ohe gehienak betetzen dituzte oraindik ere.

Eskualdeko estatistikari begiratuta azaroaren 21ean 401 herritar ziren ingresatuta, aurreko neurketan baino 17 gutxiago. Atzoko txostenak, ordea, gorakada txiki berri bat agerian utzi zuen (403, bi gehiago).

140 hil dira pandemia hasi zenetik

Zuhurtziaz jokatzeko mezua errepikatzea ez da, beraz, soberan. Ez da ahantzi behar bigarren olatua askoz hilgarriagoa suertatu dela Ipar Euskal Herrian lehenengoa baino.

Uda aurretik emandako datuen arabera martxotik ekainera bitartean 27 herritar hil ziren departamenduko ospitaleetan pandemiaren eraginez, horietatik 15 bat Baionan.

Akitania Berriko Osasun Agentziak emandako azkeneko datuen arabera pandemia hasi zenetik orotara 140 lagun hil dira. Azaroaren 22ko bilanak datu lazgarria utzi zuen: aurreko bi egunetan 9 pertsona hil ziren covid-19arengatik departamenduko erietxeetan.