Martxelo Diaz

Euskara, euskara, jalgi hadi sare sozialetara!!!

Euskararen erabilera bultzatzea dauka helburu Euskaraldiak. Eremu guztietan. Horietako bat sare sozialak dira, geroz eta esparru zabaletaraino heltzen direnak. Batez ere, gazteen artean: Aiora Mujika, Iruñe Astiz eta Alex Padillak dira adibide.

Las llamadas por teléfono a las personas mayores les hacen sentiorse menos solas. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Telefonoa izaten da sare sozialetan aritzeko tresna nagusienetakoa. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Euskararen normalizaziorako sare sozialak ezinbestekoak dira. Gazteak bertan aritzen dira eta euskarazko edukinak izatea ezinbestekotzat jotzen da etorkizunera begira. Horretaz aritu dira Aiora Mujika YouTuberra, Iruñe Astiz artista eta Alex Padilla Gazteako sare sozialetako arduraduna Euskaraldiaren baitan antolaturiko mintzaldian.

Sare sozial bakoitzak ezaugarri propioak eta bereziak ditu. Ez da gauza bera Twitterren edo Tik-Token aritzea. Edo YouTuben. Edo Instagramen. Edo Twitchen. Edo Facebooken.

Halere, guztietan euskarazko edukinak sortzearen beharra nabarmendu dute mintzaldian parte hartu duten guztiek. Halere, badirudi Twitterren euskararen presentzia hedatuagoa dela. Aiora Mujikak nabarmendu duenez, Twitterren bada «euskal ekosistema aberatsa». Euskal txiolariek euren gaiei buruz aritzen direnean osatzen dute. YouTuben, ordean, ez da halakorik.

Iruñe Astizek gogoratu duenez, bere garaian Twitter euskaratzeko kanpaina izan zen eta gaur egun horren isla bizi da. «Falta somatzen da hori beste saretan», dio. Instagramen ez dago apenas euskarazko edukinik. Eta Tik-Token gazte euskaldun asko dago, baina gazteleraz solasten dute.

Euskaraz sare sozialetan aritzen diren erreferenteak beharrezkoak direla uste du Padillak. «Euskal gaztediak ez ditu erreferente digitalik, eta hori da kontsumitzen dutena», nabarmendu du. Horretan ere, erakundeek zer esan eta zer egin asko dutela azpimarratu du.

Erreferentzialtasun hori aktore zenbaitek hartzea zaila da. Izan ere, lana izateko Instagramen jarraitzaile kopuru jakin bat izatea eskatzen diete. Eta horrelakoetan, euskal esparrutik atera behar dute halabeharrez, gaztelerara joaz.

Twich euskaraz

Gazteen artean, Twitch omen da orain indartsu dabilen sare soziala. Zuzenekoak egiteko plataforma da eta interakzio handia du ikusle eta sortzaileen artean, beste saretan agintzen duten algoritmoetatik haratago. Twitchen euskara hizkuntza ofiziala izateko eskaera martxan dago, Astizek azaldu duenez. Katalanek lortu dute. Horretarako, 3.000 bozka lortzea dute helburu eta kanpaina bati ekingo diote azaroaren 28tik abenduaren 4a arte. Abenduaren 5an 24 orduz euskarazko zuzenekoak egiten egongo dira.

Kataluniara begira jarrita TV3-n gazteei eta sareei zuzendutako saioa martxan jarri dutela aipatu du Astizek. «Euskarak sarean egon behar du, bestela akabo. Eta hau ere hautu politikoa da», aldarrikatu du.

ETBn, ordea, ez da horrelakorik momentuz. «Egitura zurrunetatik ateratzen kostatzen zaio ETBri», dio Mujikak. Telebista edo ikusentzuneko ekoizpenak kontsumitzeko moduak aldatu direla nabarmendu du. Orain, Twitterren ikusten dira sketchak. ‘Barre librea’ saioa gustoko duela onartu du. Baina TL-an nahi du. «Nahieran ikusteko lau klik egin behar baditut ez dut ikusiko», nabarmendu du.