Zailtasun guztien gainetik Euskaraldia gauzatzen ari da Ipar Euskal Herrian

Konfinamenduak bete-betean harrapatu du Euskaraldiaren bigarren edizioa Ipar Euskal Herrian. Saltokiak eta ostatuak itxita egon arren, eta ekimen gehienak bertan behera utzi behar izan diren arren, Euskaraldia aurrera doa Ipar Euskal Herrian, antolatzaileen gogo eta irudimenari esker.

Ziburuko Portuko farmaziako langileak Euskaraldiko txapak soinean dituztela lanean. Guillaume FAUVEAU
Ziburuko Portuko farmaziako langileak Euskaraldiko txapak soinean dituztela lanean. Guillaume FAUVEAU

Euskaraldia garatzeko baldintza oso zailak dira Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin, urriaren 30etik konfinatuak baitira bertako biztanleak. Saltokiak eta ostatuak itxiak dira, ekimen publikoak egiteko aretoak ere bai, eta jendea elkartzeko ekitaldiak antolatzea ezinezkoa da. Ordea, herrietako batzordeek ekimenak antolatzeko modu berriak pentsatu dituzte eta zailtasun guztien gainetik, Euskaraldia martxan da Ipar Euskal Herrian.

Oraindik izen emate epea irekia den arren, dagoeneko 3.000 lagun inguru ari da parte hartzen Euskaraldian Ipar Euskal Herrian, hau da, gutxienez, biztanleen %1ak izen eman du ekimenean. Kontuan hartu behar da, orokorrean euskararen erabilera oso apala dela Ipar Euskal Herrian, biztanleen % 20,5ak euskara dakien arren, soilik % 8,1ek erabiltzen baitu.

Hala ere, aurtengo edizioko berrikuntza Ariguneak ziren eta sail horretan «Ariguneen mapa» itxaropentsua eraiki dute Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean, euskara erabil daitekeen 500 entitate identifikatu baitituzte. Mapa horri begiratuz gero, Ipar Euskal Herrian euskararen birikak Donibane Garazi inguruan daudela ohartuko gara, eskualde horretan baitago euskara erabiltzeko  aukera gehien.

«Duela bi urte baino parte hartze apalagoa izanen da aurten, egoera sanitarioak asko baldintzatu baitu, baina aurtengo edizioaren ekarpen positiboena maila kualitatiboan emango da, lehen iritsi ez ginen gizarteko eremuetara iritsi baikara», nabarmentzen du Xan Airek, Ipar Euskal Herriko Euskaraldiko koordinatzaileak.

Herri batzordeen garrantzia

Bardoze, Baigorri, Irisarri edo Hendaiako kasuak aipagarriak dira, herri batzordeen lanketari esker Arigune anitz identifikatu baitituzte. Hendaian, esaterako 40 Arigune daude, eta jada 500 herritarrek baino gehiagok eman du izena.

Azaroaren 23an 483 hendaiarrek zuten izena emanda, baina «ez ziren aski, orduan 500era iristeko helburua ezarri genuen eta Whatssap bidez jendeari mezuak bidaltzeari ekin genion», nabarmendu du Esther Arbelaizek, Hendaiako herri batzordeko kideak. Azken esfortzuak balio izan zuen, 24 orduren buruan langa gainditzea lortu baitzuten.

Beste adibide esanguratsua Irisarrikoa da. Nafarroa Behereko herri txiki honek 900 biztanle baino ez ditu, baina hala eta guztiz ere 22 Arigune identifikatu dituzte bertako herri batzordean lanean ari diren zortzi lagunek. Entitate bat Arigunea dela esaten duten afixak banatu dituzte egunotan eta Euskaraldian izen eman duten ehun herritarren txapak banatzeko ere Arigune bat baliatu dute, hots,  Minondo okindegia. 

Xabier Harlouchet, Irisarrin Euskaraldia antolatzen ari den kideetako bat da eta honela azaldu du Ariguneak topatzeko erabili duten metodologia: «Lehenik biziguneak bilatu ditugu, bizigune horiek trukaketa gune gisara ikusteko, azken finean zer nolako potentziala bazuten jakin nahi genuen, eta ohartu gira badugula zorte hori, gune askotan Arigune bat izateko minimoak betetzen direla Irisarrin».

Bildutako informazioarekin taula bat osatu dute, enpresa bakoitzean zenbat pertsonak lan egiten duten, zenbatek dakiten euskaraz eta antzeko datuak biltzen dituena. Harloucheten esanetan, «helburua da, egin dugun mapa hori atxikitzea, eta jakinda potentzial hori dugula, abenduaren 4tik aitzina ere baliatzea».

Egitaraua moldatzen

Hasiera batean antolatu zuten egitaraua gauzatzea ezinezkoa izango den arren, ekimen batzuek egokitu dituzte eta beste formatu batean bada ere egin ahal izango dira. Gauzak honela, azaroaren 28an hitzaldia eskainiko du Hendaian Miren Artetxek, bertsolaritza eta euskararen inguruan, eta Kanaldude hedabidearen bitartez ikusi ahal izango da.

Streaming bidez eta lekuko hedabideen bitartez zabalduko diren beste ekitaldiak ere izango dira. Hala nola, abenduaren 3an bertso saioa grabatuko da Ziburun eta ekitaldia sarean zabalduko da. Biharamunean, berriz, liburu irakurketa egingo dute lehenik, eta jarraian, Josu Martinez zinemagileak egindako “Anti” film laburra zabalduko da. Larresoron, ostera, kantu gaualdia eta Euskaraldiaren esperientzia trukaketa egingo dute irrati bidez.

Xan Airek azaltzen duenez, «jendeak ekimenak antolatu zituen ohiko moduan, ekintza baten inguruan jendea bildu eta euskaraz aritzeko, baina konfinamenduarekin ezinezkoa da, beraz gauza batzuek streaming bidez egin dira eta gu ere saiatu gara herriei bitartekoak eskaintzen programa alternatiboak gauzatu ahal izateko».

Bestalde, Ipar Euskal Herriko Euskaraldiaren koordinatzaileak jakin arazi duenez, herri askotan antolatuta zituzten ekimenak bertan behera utzi dituzte, baina horrek ez du esan nahi aurrerago egingo ez dituztenik. «Orain ezin dugu antolatu, baina ahal denean zergatik ez?», hausnartzen dute herri batzordeetan.

Ariguneen inplikazioa

Lehen edizioan erronka kolektiboa izan arren, Euskaraldiaren oinarrian jarrera pertsonala zegoen, norberaren hizkuntz ohiturak aldatzeko urratsa baitzen helburu nagusia. Helburuak berdina izaten jarraitzen du, baina Ariguneek euskara sustatzeko lan esparru bat gehitu dute. Horrela, Herri batzordeek herrietan euskararen erabilera sustatzeko plangintzak antolatu dituzten modu berean, Arigune batzuk haien egituretan ere gauza bera egin dute.

Esate baterako Euskal Elkargoak herriko etxeetan, turismo bulegoetan eta bere langileen artean euskararen erabilera handitzeko bitartekoak ezarri ditu, langileen artean sentsibilizazio kanpaina bat eginez eta jendarteari Euskaraldiaren berri emanez. Jada bertako langileek euskara ikasteko eman zuten urratsari, orain ikasitakoa erabili ahal izateko bitartekoak ematea da xedea.

Herriko etxeetan ere antzeko urratsak eman dira, euskaraz dakiten langileak herritarrei harrera euskaraz egin ahal izateko postuetan jartzea da herriko etxe batzuetan hartu duten erabakia, Donapaleun kasu.

Euskal Elkargoaren turismo bulegoak itxiak dira egunotan. «Domaia da, langile asko euskaldunak bakara», dio Joana Indaburuk, Getariako turismo bulegoko langileak. Edonola ere, herriko etxeak irekiak dira Euskaraldian izena eman duten herritarrek txapak eskuratzeko gune ere bilakatu dira herri askotan.

Euskaraldiarekin bat egin duten udalek haien kontu ofizialetan mezuak ere zabaldu dituzte. Lapurdiko hiriburuan, adibidez, honako mezua zabaldu du herriko etxeak: «Baionako hiria Euskaraldirako bitartekari izanen da. Erronka? Euskaraz hitz egitea akuilatzea eta euskararen erabilpena ohizko zirkuitutik kanpo erraztea».

Aurrera begira

Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetan koordinatzaile lanetan ari den Xan Aireren iritziz, «Euskaraldia amaitu ostean, lehen bi edizioek zein oinarri ezarri duten ikusi beharko da, leku batzuetan elkarteetan antolatuak dira, besteetan herriko etxeak badu euskara komisioak, eta abar, guzti horiek kontuan hartu beharko dira tokian tokiko nola antolatu eta aurrera begira zer egin daitekeen aztertzeko».

Egungo egoera kontuan hartuta, 500 Arigune lortzea ez zutela espero aitortzen du Airek, eta «balorazio ona» egiten du, zeren «horrek esan nahi du, baldintza zailetan ere herri batzordeek sekulako lana  egin dutela». Aitzitik, maila kualitatiboa nabarmentzen du Airek:  Esan genezake, kopuruaz harago, euskararen mugimendutik harago dauden entitateengana iristea lortu dela, denetarik dago, ile apaintzaileak, herriko etxeak, ostatuak... Ariguneekin beste publiko bat inplikatzea lortu da».

Herri batzuetan izan dituzten «sorpresa ederrak» ere azpimarratu nahi ditu Urepeleko euskaltzaleak eta Bardozeko adibidea ezartzen du. «Ez luke inork esango, Bardoze bezalako herri batean... baina begira, hemendik aurrera herri horretan desberdin ikusiko dute euskararen gaia». Bi mila bzitanle ozta-ozta ditu Lapurdiko herri honek eta hamar Arigune lortu ditu, askoz ere biztanle gehiago dituzten Donibane Lohizune edo Biarritzen pareko. 

Aurrera begira lanean jarraitzeko oinarriak ezartzen ari direla uste Airek, eta zentzu horretan Ariguneen garrantzia azpimarratzen du: «Euskaraldiak indartzen du orain arte egindako guztia, ez gara zerotik abiatuko abenduaren 4tik aitzina, zeren hemendik aitzina baditugu 500 Arigune».

Euskaraldirako herrietako batzordeek eginak zituzten programak ezin gauzatu ahal izateak nabarmen eragin du Ipar Euskal Herriko euskaltzaleen artean, baina Aire baikor da hala eta guztiz ere: «Frustrazioa sortzen da ekintza moztu dutelako, baina lanerako gogoa ez».