Asier Robles

Testuinguru sozialari erantzuteko ‘Bilbok borrokan behar gaitu’ dinamika aurkeztu dute

Gu Ere Bagara Bilbok, Bilboko gazte mugimenduko hainbat eragile biltzen dituen taldeak, ‘Bilbok borrokan behar gaitu’ dinamika aurkeztu du «testuinguru sozialak eskatzen duen gazte erantzun bat artikulatzeko» helburuarekin.

‘Gu ere bagara Bilbo’ren prentsaurrekoa. (Raul BOGAJO/FOKU).
‘Gu ere bagara Bilbo’ren prentsaurrekoa. (Raul BOGAJO/FOKU).

Gu Ere Bagara Bilbok, Bilboko gazte mugimenduko hainbat eragile biltzen dituen taldeak, sistema kapitalista egoeraren erruduntzat jotzeko eta komunitatea eta zaintza erdigunean jartzeko ‘Bilbok borrokan behar gaitu’ kanpaina aurkeztu du larunbat honetan. Borrokara batzeko deia egin diete Bilboko gazteei.

Euskadi Plazan egindako prentsaurrekoan Gogoratu dutenez, koronabirusak sortutako testuinguru soziala ez da erraza izaten ari ez gazteentzat ezta langileentzat ere, eta pandemiak «lehenagotik zetozen desberdintasunak eta zapalkuntzak bizkortu» dituela nabarmendu dute.

Gainera, pandemiari aurre egiteko hartutako neurriek, «eskubide eta askatasun politikoen urratzeak, kontrol sozialaren igoerak eta indar polizialen zilegiztatze eta ahalduntzeak testuinguru sozialak exigitzen duen besteko gazte erantzuna ematea zaildu egin duela» argitu dute.

Hala ere, Bilboko gazte mugimenduak kanpaina bat jarri du martxan, egungo egoerari erantzun bateratua emateko. Lehenik eta behin, sistema kapitalista aipatu dute arazo nagusitzat. Gogorarazi dutenez, Amazon, BBVA edo Iberdrola bezalako enpresek irabaziak biderkatu dituzten bitartean, eta Bizkaia Dorrea, Supersur eta AHT bezalako makroproiektuek aurrekontu publiko gehienak bereganatu dituzten bitartean, gazte eta langile askoren bizitak «okertu egin dira», haietako asko lanik gabe geratuz.

«Bizitza duin bat garatzeko eskubide minimoak gero eta urriagoak dira. Hezkuntza telematikoa ez da arrakala-digitalarekin uztargarria, osakidetzan gero eta itxarote-zerrenda luzeagoak daude eta kontsulta bakoitzari egokitzen zaion denbora mugatzen ari da, osasun sistema pribatuaren mesedetan, alokairu eta hipoteken etetea eman ezean etxekaleratzeak biderkatu egingo dira…», azaldu dute.

Gainera, gazteek pandemiaren errurik ez dutela adierazi dute eta pairatzen duten «kriminalizazioa» salatu dute. Ildo horretan, erakunde publikoen «desfaseari» egotzi diote errua: ez da zilegi garraio publikoa goizero gazte eta langilez leporaino egotea; lantegi eta enpresa handiak goraino beteta egotea; hezkuntza-ratioak ez jaistea; arakatzaile gehiago ez kontratatzea...

Horregatik Gu Ere Bagara Bilbok borrokarekin bat egiteko deia egin die Bizkaiko hiriburuko gazteei eta erakundeei, komunitatea eta zaintza «erdigunean» jartzeko asmoz: «Erantzukizunez borrokatuko dugu Bilbon. Gure hiri, auzo eta kaleak maite ditugu, baina eskaparate hiri honetan gazteok ez gara kabitzen. Gazteen borroka beharrezkoa da, herriaren eta komunitatearen borroka antolatzen joateko. Inoiz, noizbait, gehiengoaren interesak, gehiengoaren bizitzak, erdigunean jartzen dituen hiri bat eraikitzeko».