Lazkanoiturburu, Dabid

Iranek nazioartearen apaltasuna salatu du nuklear arduradunaren hilketa salatzean

Bere zientzialari nuklearraren hilketaren inguruan nazioartearen erreakzioak ez du inolaz ere asetu Irango Gobernua, eta apaltasun hori salatu du hainbat hizkuntzatan. Joe Biden AEBetako presidentea ere mutu geratu da,  mesede baino kalte gehiago egiten dion zalantzarekin.

Mohsen Fajrizadeh zientzialari nuklearraren hileta-ospakizunak.(AFP)
Mohsen Fajrizadeh zientzialari nuklearraren hileta-ospakizunak.(AFP)

Irango Kanpo Arazoetarako ministroak, Mohamad Yavad Zarifek, dei egin dio nazioarteko komunitateari Mohsen Fajrizadeh zientzialari nuklearraren hilketa irmo salatu dezan eta «lotsagarritzat» jo du orohar egoera apaltzeko deia baino egin ez izana.

Fajrizadeh, Mendebaldearen eta Israelen ustez Irango programa nuklearraren burua, segada batean hil zen ostiralean Teheranetik gertu.

Irango diplomazia buruak, hainbat hizkuntzatan argitu du twitterren mezua: normalean erabiltzen duen ingelesean, baina baita ere errusieraz, txineraz eta alemanez.

Nazio Batuaren eta Europako Batasunaren eta bere kideen erreakzioek ez dute Iran asetu, «lotsagarria delako batzuk terrorismoa ez gaitzeztea, erasoa bere DNAn terrorismoa duen erregimen batek egin duelako», salatu du Zarifek, Israel buruan duela.  

Harrigarriagoa da, ordea, bere kideak diren Errusiari eta Txinari mezua bidaltzea.

Turkia eta Qatar, bakarrak

Libanoko Hizbullah taldea eta Hamas palestinarra kenduta, Turkia eta Qatar izan dira atentatua gogor salatu duten herrialde bakarrak, Siria ahaztu gabe, noski.

Israelek, ohikoa denez, ez du tutik ere esan baina alerta gorrian jarri du bere enbaxada guztiak, mendekuaren beldur.

Donald Trump oraingoz AEBetako presidenteak ere ez du adierazpenik egin. Hori bai, atentatuari buruzko artikuluak tuiteatu du.

Washingtonek Errusiako eta Txinako lau enpresei zigor ekonomikoak ezarri zizkien erasoaren egun berean irango programa nuklearra bultzatzea egotzita.

Ixilik, eta ziurrenik kezkatuta dagoena Joe Biden presidentzialen garailea da. Aditu gehienak bat datoz erasoaren helburua bere diplomazia baldintzatea dela ideiarekin. Bada, ordea, horrelako erasoek akordio bat negoziatzeko orduan AEBen Administrazio berriaren posizioa indartu dezaketela uste duenik. Negoziatu bai, baina norekin? Sutan dauden Irango sektore printzipalistekin?