Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Jokin Altuna: «Ez naiz identifikatu frontoian eman dudan itxurarekin»

Sekula ez bezala lur jota eta bere buruarekin oso haserre eta kritiko, porrot «oso gogorra» izan dela onartu du Amezketako aurrelariak. Lau eta erdikoan ere bere partehartzea ezbaian jarri du, hain etsita non malkoei ere kostata eutsi dien, buruz buruko finala galdu berritan.

Burumakur bere aulkian eserita, ez du bakerik aurkitu Jokin Altunak bere finalarekin. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Burumakur bere aulkian eserita, ez du bakerik aurkitu Jokin Altunak bere finalarekin. (Aritz LOIOLA / FOKU)

«Berak berea nik baino hobeto egin du, eta merezita irabazi du». Malkoei eusten nahikoa lanekin tarteka, erabat lur jota jaso du Jokin Altunak buruz buruko final handiko porrota. Bere buruarekin oso gogor, Amezketako aurrelariak zalantzan ere jarri du lau eta erdiko txapelketan parte hartuko ote duen. «Ez naiz identifikatu frontoian eman dudan itxurarekin», jarri dio errematea bere partidari.

«Ongi aurkitzen nintzen berotzeko garaian, baina gero pilotan hasi garenean, erritmo oso altuan jokatu du Erikek, eta ni itolarri baten aritu naiz. Esango nuke hor alde egin didala», aztertu du Altunak. «Ikusi dut gero, nik gauzak ongi eginez gero, sartu egiten nintzela partidan, baina lau pilotakada luze jo beharrean, azkar botatzen nuen dejada eta ez nuen asmatzen. Gehiago eman behar nion pilotari eta tira, horrela ez dago irabazterik», adierazi du, burumakur.

Bere buruari meriturik eta neurririk hartu ezinda aritu da Altuna partida ostean, ezin bakerik aurkituta. Hala, markagailuan hurbildu den aldiari ere merituak kentzera jo du amezketarrak. «Nik uste bere hutsegiteengatik hurbildu naizela gehienbat, ez ni ongi ari nintzelako behintzat. Izan liteke finala irabaztea gertu ikusita bere burua presionatu eta estutu egin duela Erikek, eta horregatik gerturatu naizela markagailuan. Baina azkenean berak lortu du irabaztea, eta niretzat oso gogorra izaten ari da hau», bota du, etsita.

Izan ere, porrota bera baino frontoian eman omen duen itxura izan da Altuna jota laga duena. «Egia esan, ez naiz identifikatu frontoian eman dudan itxurarekin eta oso haserre nago, oso triste», onartu du.