Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Durango birtualean, bero; egiazkoan, ekaitzari aurre egiten

Orain mende erdi, Andra Mariren arkupeetan ausart batzuek jarritako mahaien antza dute Landakoko biltegikoek. Hastapen haietan, mahai bakan batzuk zeuden; garai distopiko hauetan, sei ilara luzeetan milaka liburu eta disko banatzen dira. Landakon hotz egiten du; Azoka birtualean, bero. 

Sartu nahi eta ezin. Goizetan haurrak dira protagonistak. (Marisol RAMIREZ/ FOKU)
Sartu nahi eta ezin. Goizetan haurrak dira protagonistak. (Marisol RAMIREZ/ FOKU)

Lehengo garaiak eta oraingoak. Hodeia eta errealitatea. Jendetza eta distantzia soziala. Badirudi bi planoen artean ariko garela saltoka etengabe zubi honetan denok, batez ere Durangora gerturatuko garenok. Sekula egin den Azokarik ezohikoenean, Durangok ez dirudi ohikoa. Ezta urrik eman ere. Pandemiaren eraginez, bizitza stand by-n gelditu dela dirudielako... ala ez?

Azokak bere ibilbidean izan duen lehen ‘egoitzan’, Andra Mari elizaren arkupeetan, babesaren bila bertaratu den jendea dago. Kafea eta pintxoa hartuta, barrenak berotzen ari dira, toki hau urgentziazko child out bat izango balitz bezala. Hotz egiten du; Anboto eta Mugarrako gailurrak zuri daude, ordu batzuen buruan etorriko den laino eta euriaren iragarle. Handik gertu, merkatu plazan ohiko baserritarren saltokiak daude.

Toki hau, 1974tik 1996ra, Azokaren bigarren egoitza izan zen, Landakora joan zen arte. Hemen artisauen azoka ospatu izan da urteetan, baina aurten ez dago artisautzaren zantzurik.

Landakoko ilarak

Landakon, birus madarikatu honek utzi digun panorama alaitzen hasten da. ‘Hankak’ Durangon dituen Azoka honek ‘burua’ hodeian du, online mundura salto egin behar izan baitu nahi eta nahi ez bizirik irauteko. Denda birtualarentzat egokitutako biltegiak eraikinaren zatirik handiena hartzen du. Ilara luzeetan, 187 argitaletxe, erakunde edo egileek ekoitzi eta Durangoraino ekarritako produktu kulturalak hedatzen dira.

«Abenduaren lehenengo hiru egunetan hasi ginen materiala jasotzen. Argitaletxeei eskatu diegu gutxienez hamar ale ekar ditzaten; eta gehienez ez dago mugarik, eurek ikusi dezatela», argitu digu Arantza Atutxak, Gerediaga elkarteko kudeatzaileak. Atzoko zoramenaren ostean, denda birtualari neurria hartzen ari direla sumatzen da biltegian. Ez da erraza horrelako plataforma bat martxan jartzea, eta bost egunerako soilik gainera. Apustua arriskutsua da.

Arazoak etengabe azaleratu dira; horren adibidea, ostiralean, inaugurazioren egunean, web orrialdeak jasan zuen trabatze une luzea, goizetik arratsaldearen erdira arte edo. Behin denda berreskuratuta, langile gehiago lanean jarri –gaur goizean bederatzi zeuden lehen txandan– eta aurrera, lehen eskaerak larunbat honetan bertan bezeroei iristen ari zaizkie. Erositako dataren arabera iritsiko dira etxera.

«Zelan ez dugu inolako erreferentziarik izan, ez genekien zer zen asko, eta zer zein gutxi... esaterako, ea kutxa nahikoa erosi ote dugun... Nahiz eta ondo antolatu, joan behar duzu doikuntzak egiten». Euskal ekoizpenen Amazon txikiarekin alderatu izan dugu komunikabideok aurtengo Azoka, eta ez erraza urteetan prestatutako plataforma hauek egiten dutena denbora gutxian metatzea. Kontrakoa ematen bazuen ere, webguneak jasoko duen bisitarien trafikoa ez da izan duten arazorik larriena. «Trafiko pilaketa ez da arazo izan webgunean; gehiago izan da programazioak izan dituen akatsak», Arantza Atutxaren esanetan.

Arazoak webgunean

Egia da urduritasun ukitua sumatu zitekeela parte-hartzaile eta bisitarien artean egun hauetan. Adibidez, web orrialdean ‘desioen saskia’ martxan jarri zenean, orain dela aste batzuk, ez zegoen bilatzailerik. Horrek suposatzen duenarekin: bilatzailerik gabe, nekez aurkituko duzu nahi duzun produktua. Konpondu zen, noski.

Ez zen arazo bakarra izan, izenburu batzuei ‘laster eskuragarri’ etiketa agertzen zitzaielako web orrialdean, edo fitxa egiterakoan akats nabariak azaltzen ziren... Frustrazioa, eta buruko min dezente, eta ‘non demontre sartu ote gara?’ desesperazio puntura arte akaso?

«Hori atzo eta herenegun, eta baita prestaketa lanetan ari ginenean», aitortzen du gerenteak. Gaurko egunak lasaiagoa dirudi. «Ikusiko dugu zelako ohiturak ditugun erosketak online egiterakoan; nik uste dut iluntze aldera egiten direla».

Olerkiak eta erreka-nobela bat

Behingoz, eguraldiak lagundu dio Azoka birtualari, etxeko berotasunetik nobedadeetan kuxkuxeatu eta aurkezpenak streeming bidez jarraitu ahal izatea gozamena baita. Planetako edozein tokitik konekta gaitezke Durangorekin, eta hori ere kontuan hartzeko da.

Durangon, bien bitartean, ausarta batzuek ekaitzari aurre egin diote Landakotik, esaterako Elkarrek aurten atera dituen bi nobedadeen berri izateko. ‘Begiak zerumugan’ liburu bitxia da, ederra oso. Olerki, aforismo, pentsamendu eta irudi iradokitzaileez blai dago. «Bidaia alegoriko bat da iluntasunetik argitasunera»; horrela deskribatu zion Miren Agur Meabek olerkariak proiektua Ane Pikaza aktore eta ilustratzaileari.

Pikaza da aurtengo Azokako kartel arrakastatsuaren egilea. Kolorez betetzen ditu bere irudiak, bere munduak egile honek. Olerkiak eta irudiak elkartzen dira liburu berezi horietako batean, ederra irakurtzeko... eta oparitzeko. Ez da haurrentzat, publiko ororentzat, Leketioko idazleak argitu nahi izan duenez.

Antxiñe Mendizabalek, ordea, ‘Odolekoak’ nobelan zehaztasunera jo du erreka-nobela bezala kontsidera daitekeen proiektu honetan; hiru emakumeren bizitzaren bitartez –Iruñeko familia baten hiru belaunaldi; ama, alaba eta biloba–, gure historiaren 60 urteren kronika egiten du (1941etik 2005era) Mendizabalek helduentzat idatzi duen lehen liburuan.

‘Odolekoak’ ez da soilik kronika historikoa, gure memoria sentimentalaren isla baizik. «Norberak bere etxean jaso duen memoria, bizi ez dugunaren memoria dugu, hori islatu nahi nuen. Itsatsita dugun memoria bat dagoela uste dudalako». Dokumentazio lan ikaragarria dago, urte luzeak eraman dion istorio kitzikagarri honen atzean.

«Ilea zuritu zait nobela honekin», esan du Antxiñe Mendizabalek. Matilde, Teresa eta Amaia, fikziozko pertsonaia hauen inguruan, benetako pertsonai asko daude, ia figurante izango balira bezala; German Rodriguez, Patxi Larrainzar, Fermin Valencia...