Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Durangotik Eiheralarrera doan bidea, ‘izarretatik’ hasi berrietara

Pandemiak eragindako Azoka ‘planetario’ honetan, kulturaren geografia hedatu egin zaigu. Landakon gaur ‘izarren’ txanda izaten ari den bitartean, Sormen bekaren irabazlen bila joan gara Garazi aldera. Bueltan, albiste onak; «online» denda bor-bor dago eta zenbait produktu agortu dira.

Durangoko udaleko ordezkariak, Gerediaga elkartekoak eta sormen bekako epai mahai kideak. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Durangoko udaleko ordezkariak, Gerediaga elkartekoak eta sormen bekako epai mahai kideak. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Durangoko Azokako korridore labirintikoetan, aurreko edizioetan, egile eta erosleen artean intimitate antzeko bat sortzen zen liburuak sinatzerakoan, ilarak egitean... Aurten jai dago, ez ezazue horrelakorik bilatu hemen. Bertan egonik, distantzia sozialak eta musukoek sortutako langa gurutzatzea zaila egiten da oso; bederen, streaming bidezko hitzorduak gelditzen zaizkigu. Azoka planetarioan, sareak babesleku.

Aurtengo Euskadi sarien irabazleak, Mikel Urdangarin (16.45), Rafa Rueda (19.00) edo Gatibu (20.15) dira, besteak beste, igande honetan Azokatik pasako diren izen ezagunak. Guztien aurkezpenak eta solasaldiak streaming bidez jarraitu ahal dira Azokako web orrialdetik.

Handi, txiki eta ertain; hasi berriak eta dagoeneko ospea lortu dutenak –gurea bezalako kultura minorizatu batean, ospearen kontzeptua erlatiboa den heinean–... denek dute Azokan eta euskal kulturaren mikrokosmosean baitan beraien kokalekua. Hasi berrien lana sustatzea eta bultzatzea da, hain zuzen ere, Azokaren sormen bekaren helburua. Aurtengo beka Nafarroa Behereko bi gazteek bultzatutako proiektu herritar eta berritzaile bati egokitu zaio.

Tokiko proiektu bat, haurrentzat

Zugaza zineman igande goiz honetan egin den ekitaldian ez zeuden Maia Iribarne (Lasa, 1995) eta Paxkal Irigoyen (Ainhize-Monjolose, 1988), alegia, aurtengo Sormen bekako irabazleak. Hexagonoan dauden konfinamendu egoerak ez du laguntzen... ezta, seguruenik, telesail bat prestatzerako garaian ere. Durangoko Udalak diruz lagundutako sari honi esker –15.000 euroko diru-laguntza jaso dute–, bi gazte baxenabartar hauek urtebete izango dute euren proiektua sortzeko eta 2021.eko Azokan aurkezteko. Eta zein da zehazki proiektu hori? Haurrei zuzendutako euskarazko ‘Bañolet’ izeneko lau ataleko telesaila... eta ikuskizuna.

Maia Iribarne eta Paxkal Irigoyen musikaren mundutik datoz. Ikus-entzunetan ere aritu izan dira, esaterako Kanalduderentzat eginiko ‘Busti’ emankizunean. Hilabetero, web telebistak Ipar Euskal Herriko gazte ekimenei ahotsa eman zien saio honetan. Eta ‘Bañolet’ telesailarekin, urrats bat gehiago ematea otu zitzaien iaz. Telesail labur batekin bueltaka hasi ziren, baina berezia behar zuen izan.

«Hastapenetik nahi genuen fisikoki aurkeztu ahal izatea, zinemetan edo elkarteetan. Telesaileko musika guk geuk sortuko dugunez, aurkezpen egitura berezi bat nahi genuen pentsatu, zuzeneko musika integratuz. Proiektuaren lehen fasean aurkezpen bira bat prestatu nahi dugu, Euskal Herrian zehar. Bigarren fasean hedapena izango litzateke, eta telebista edo web telebistetara zabalduko dugula uste dut. Egia da hori biziki urrun ikusten dugula, baina hori da helburua. Beharbada Kanalduden, Hamaika Telebistan edo Euskal Telebistan…».

Laburbildurik, telesailean haur talde baten abenturak islatuko dituzte. Horretarako, Nafarroa Behereko hainbat familiaren parte-hartzea lortu dute, proiektu hau parte-hartzailea sumatzen delako erabat. Donibane Garazi inguruan dauden herrietako jende anitz inplikatu da, bereziki Eiheralarreko herritarrak. «Gurea tokiko proiektu bat da, eta horren inguruan adin guztietako jendea elkartzen da. Beste puntu bat zinez garrantzitsua da den dena euskaraz egin nahi dugula; idazketatik post ekoizpenera arte, etapa guztiak. Nahiko genuke aktoreak, laguntzaileak eta teknikariak denak euskaraz aritzea, gure telesailaren muinean euskara dagoelako eta baita identitatea mantentzearena ere. Koherentea izatea beharrezkoa zela iruditzen zitzaigun. Aparte, hauxe gure funtzionamendu naturala da betidanik».

Ekainera arte, prestaketa lanketetan arituko dira; idazketa, entseguak egiten aktoreekin... Uztailetik irailera, grabaketa lanetan arituko dira. Eta abenduan, estreinaldia Durangon. Ez dute denbora soberan izango, kontuan izanik osasun-larrialdi egoerak ez duela askorik laguntzen. «Egia da urtebeteko epeak presio puntu bat jartzen duela, baina hori ona da; huntsa baita izatea muga bat».

Salmentak, errimo onean

«Egoera zaila da, eta disimulatzen onak gara, baina kostatzen zaigu», aipatu du pentsakor igande arratsaldean Mikel Urdangarinek Ahotsenean ‘Izurdeen lekua’ lanaren aurkezpenean. Plateruenako edukiera txikiaren aurrean –ia emanaldi guztien sarrerak agortuta daude aspaldi–, doluari tonu ederrak, sakonak, atera dizkio «arrotz xamarra atera zaigun Azoka eta urtearen» exorzizatu nahian edo.

Musikarien artean, Rafa Rueda. Gaur honek ere 'Rueda' aurkeztuko du Azokan, eta gauean, Gatibuk 'Musikak salbatuko gaitu' aldarrikatuko du. Ea egia den.

Lehenengo zantzuak, antza, hortik doaz. Landakoko biltegian lana ez da eteten eta online denda bor-bor egon da egun osoa. Datu ofizialik ezean, badirudi salmentak erritmo onean doazela. Gerediaga elkarteak aipatutakoaren arabera, igande honetan ere erritmo bizia egon da Landako Guneko online dendako biltegian. 24 orduz lanean egon dira biltegiko langileak lana aurreratzeko eta paketeak bezeroei eramateko.

Hainbat produktu agortu dira jada biltegian, eta hainbat sortzaile, argitaletxe eta diskoetxe gerturatu dira Landakora produktu gehiago ekartzera, berriro ere dendan eskuragarri egon daitezen.

Asteleheneko egitaraua

Online denda bor-bor dagoen bitartean, Azokako egitaraua ere ez dago geldi. Egunero bezala, familiei begirako jarduerekin hasiko da eguna Landakon: ‘Familia desberdinak, esku desberdinak’, ‘Zirimiria’ liburua, ‘Amona Tomaxaren abenturak"... 12.00etan mahaingurua egongo da ‘Digitalizazio prozesua eta kultur jarduera’ hizpide. Amaia Ocerin, Oier Etxeberria eta Sabin Bikandi izango dira partehartzaileak, Diana Francok gidatuta. Literaturari dagokionez, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Fernando Rey, Karlos Otegi... Amaitzeko, 19.00etan Karrika antzerki taldeak ‘Hitzpilu Ganbila’ irakurketa dramatizatuak egingo ditu.

Plateruenari dagokionez, bihar ere aniztasuna izango da nagusi. Oholtzara igoko dira Nax Agirre, Trikidantz, Miren eta Roberto Etxebarria, Dena, Etorkizun Beltza, Hibai, Eli eta Manex Pagola, Liher eta Zetak. Landako zein Plateruenako egitarau osoa Azokako webgunean jarrai daiteke streaming bidez.

Durangotik kanpora ere hainbat kontzertu egongo dira bihar. Bilboko Euskalduna Jauregian Ene Kantak izango dira 12.00etan eta Zea Mays 19.00etan. Emanaldi bietarako sarrerak agortu dira. Donostiako Doka Kafe Antzokian Raitx eta Burrundaria ikusteko sarrera guztiak ere amaitu dira. Eta Bermeoko Kafe Antzokian Joseba Irazoki eta Ironen Ero Ni arituko dira; eta Amurrion Sara Zozayaren kontzertua izango dute. Azken bi kontzertu horietarako sarrerak oraindik eros daitezke www.durangokoazoka.eus webgunean.