Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Agurrik ez, gero arte baizik

Erloju kontrakoa izan ohi da Durangoko Azoka; aurten, sentsazio hori areagotu egin da. Gauerdia itxi zituen «ateak» onlinde dendak eta, helmuga hor jarrita, egunari despedida usaina antzematzen zitzaion. Baina atzo amaitu zenak jarraipena izango du gaur, Azokak liburu-dendetara salto egingo baitu.

Miren Amuriza eta Mursegoren emanaldia Durangon. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Miren Amuriza eta Mursegoren emanaldia Durangon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Euri-zaparrada kanpoan, kultura-zaparrada gosea Landako eta Plateruenaren barnean. Gaur egun dena da aldakorra, ezohikoa; horretara ohitu gara. Edo, hobeto esanda, nahitaez ohitzen hasiak gara. Durangoko Azokaren 55. edizio “pandemiko” honen azken egunean, sortzaileak eta, oro har, kultura sektorea pairatzen ari diren egoera latza azaleratu zen, argi eta garbi, sortzaileen euren ahotsean. Haize suntsitzaile bat izango balitz bezala, birusak dena hankaz gora utzi baitu, eta agerian gelditu da, esaterako, sektoreak pairatzen duen prekaritate egoera. Eta nola aurre egin horri? Agian, Maite Arroitajauregi Mursegok eta Miren Amurizak atzo eguerdian oihukatu zuten legez: «Sormena da bide bakarra!».

Aurtengo edizioaren leloari eta mezuari jarraituz, Antton Telleriak, Amacay Gaztañagak eta Miren Amurizak beren bakarrizketak eta hausnarketak –beldurrak, ikarak, desirak...– plazaratu zituzten eguerdi partean “Taupadaz TaupaDA!” ikuskizunean. Zeremonia-maisu, Maite Arroitajauregiren musika eta unibertso artistikoa.

Eta Mursego beti bezain aparta, sakona, dibertigarria eta jakinduriaz betea agertu zen.

Musikak, egia esan, pisu berezia izan du ezohiko Azoka honetan. Izan ere, egoerari aurre egiteko, Azoka lehen aldiz zabaldu da Euskal Herri osora “Zu non, han da!” egitasmo bikoitzaren bidez; alde batetik, musika zirkuitu berri bat sortu duelako; eta beste alde batetik, Gabonetara arte eta bihartik aurrera, Azoka liburu-dendetara lekualdatuko delako.

Zirkuituan, «dena salduta»

Jon Arriaga, ekimen honen koordinatzailea, errepidean bizi izan da egun hauetan. Hitzez hitz. Atzo eman zion amaiera hiru astean egin duen esprintari. «Erronka bezala, pertsonalki interesgarria egin zait eta, aldi berean, estresantea», dio... aberasgarria, eta arriskutsua ere bai, zubian izan dugun eguraldiagatik. Horren adibide, Gatibu taldeko partaideek larunbatean izan zuten istripua Azpeitian kontzertua eman ostean. Onik atera ziren, baina rock-and-roll-ak ordain horiek ditu.

Zortzi herritan –Amurrio (Burubio), Gasteiz (Jimmy Jazz), Bermeo (Kafe Antzokia), Bilbo (Euskalduna), Ondarroa (Beikozini), Azpeitia (Sanagustin eta Soreasu), Donostia (Doka eta Dabadaba) eta Atarrabia (Totem)– burutu da kontzertuen zirkuitua.

«Gu areto pribatuetara joan gara, Euskalduna jauregia izan da salbuespena, sektorearentzat laguntza zuzenagoa izan zedin», esan du Jon Arriagak. Berehala saldu dira sarrera gehienak, baina sould out kartela zintzilikatzeko gose horri arriskuak ikusten dizkio. «Moda hori ez dut gustuko; alde batetik, gaur egun ez delako zaila dena saltzea. Esan nahi dut Donostian ez dela zaila 60 lagunentzako sarrerak saltzea, edo Zea Maysek 400 lagun sartzea Euskalduna jauregian, edozein herritako jaietan hori baino gehiago biltzen duenean. Beste alde batetik, hemen nahasten dira talde indartsuak eta hasiberriak edo proposamen desberdinak dituztenak, eta orduan badirudi dena saltzen ez baldin baduzu, batez ere garai honetan, frustrazioa sor dezakeela. Kontuz erabili behar den zerbait da, taldeak ikusten ditudalako oso pendiente sare sozialetan».

Hain denbora gutxian martxan jarritako zirkuitu honen arrakastak zer pentsatu ematen du. Urri bukaeran proiektuarekin hasi eta azaroan, hiru astean, esprinta egin zuten. Ipar Euskal Herria kanpoan gelditu zitzaien (Biarritzeko Atabal, konfinamenduagatik), baita Iruñeko Zentral aretoa. Aldi baterako enplegu erregulaziotik ateratzea ez zitzaien errentagarri suertatzen.

Izandako harrera bikain horrek zer erakutsi die? «Horrek erakutsi duena da jendea zuzenekoen gose dela, nahiz eta ez izan baldintza egokietan; jarrita egon behar duzu, musukoa jarrita, ezin duzu tragorik hartu... Hala eta guztiz ere, oztopo horiekin ere, saldu dira sarrerak».

Orain, liburu-dendetan

Gaurtik aurrera, egitasmo honen bigarren faseari ekingo dio Azokak; alegia, urtarrilaren 8ra arte Euskal Herriko hainbat liburu-dendatan Azokako produktu eta ekoizpenak egongo dira salgai, modu presentzialean. «Liburu-denda askok eman dute izena, oso handiak direnek eta frankizia direnek eman dute izena, baina baita oso txikiak direnek ere. Abanikoa oso zabala da». Liburu-dendetan, Azokako nobedadeak modu identifikagarrian egongo dira. Pack desberdinak prestatu dira, denden beharren arabera.

«Asmoa da Azokaren ‘marka’ erabilita, eta duen tiradizo hori aprobetxatuta, olatua Gabonetaraino luzatzea». Eta berritasun hauek jarraipena izan ote dezaketen galdetu diogu Jon Arriagari.

«Batek baino gehiagok komentatzen du ea berrikuntza horietatik zeintzuk geldituko diren. Ez dut argi; nik argi daukadana da hau urte berezi bati emandako erantzun berezi bat izan dela».