Asier Robles

Literatura Nobel saria irabazi duten Tokarczuk eta Handkeren eleberriak euskaratu dituzte

Olga Tokarczuk poloniarraren ‘Erabili goldea hilen hezurren gainetik’ eleberria euskaratu dute Amaia Apalauza Ollok eta Sonia Kolaczek-ek eta Peter Handke austriarraren ‘Atezainaren larria penalti-jaurtiketan’ Joxe Mari Berasategik.

Olga Tokarczuk idazle poloniarraren ‘Erabili goldea hilen hezurren gainetik’ eleberria.
Olga Tokarczuk idazle poloniarraren ‘Erabili goldea hilen hezurren gainetik’ eleberria.

Aurtengo Durangoko Azoka bukatu berri den arren, kulturak zeresana ematen jarraitzen du. Elkarrek euskaratuak izan diren bi eleberri aurkeztu ditu. 2019an Literatura Nobel saria irabazi zuten bi idazleen bi eleberri dira: Olga Tokarczuk poloniarraren ‘Erabili goldea hilen hezurren gainetik’ eta Peter Handke austriarraren ‘Atezainaren larria penalti-jaurtiketan’.

Amaia Apalauza Ollok eta Sonia Kolaczek-ek euskaratu dute lehenengoa, eta Joxe Mari Berasategik bigarrena. Elkar argitaletxeaz aparte, AEDk, Arrasateko Udalak eta Laboral Kutxak kolaboratu dute bi eleberriak euskaratzeko proiektuan. Gaurko aurkezpenean, itzultzaileek eleberrien nondik norakoak azaldu eta idazleak aurkeztu dituzte.

Olga Tokarczuk Polonian jaio zen 1962an, eta Varsoviako unibertsitatean psikologia ikasi ondoren, literaturaren munduan murgiltzen hasi zen. Psikologoa eta idazlea izateaz gain, irakaslea eta aktibista sozial eta ekologista ere bada, baita Berdeen alderdiko kolaboratzailea ere. Poloniako sektore kontserbadoreek bere lanak kritikatu dituzte hainbatetan.

2009an publikatu zuen ‘Erabili goldea hilen hezurren gainetik’ eleberria, orain Amaia Apalauza Ollok eta Sonia Kolaczek-ek euskaratu dutena. Apalauzak aurkezpenean azaldu duenez, Janina Duszejko da liburuaren protagonista, basoalde bakarti batean bizi den emakume adintsua. Umeei ingeles eskolak ematen dizkie eta William Blakeren poemak, Astrologia eta izaki bizidun guztiak maite ditu, eta animaliak hiltzen dituzten ehiztariak gorroto. Hain zuzen, zenbait ehiztari hilik agertzen hasten dira eremu menditsu horretan.

«Misteriozko eleberri baten garapenarekin batera, pertsonaia liluragarri baten ezaugarri eta ertzak joango gara ezagutzen: xelebre bezain xaloa, egoskor eta maitagarria, aldi berean ahul eta ahaltsua. Baina, horrekin batera, gizarte gupidagabe honek bazterrean uzten dituen izaki guztien aldeko aldarri ozena topatuko dugu, mundu bidezko eta bizigarriago baterako deia», adierazi du Elkar argitaletxeak.

Apalauzak nabarmendu duenez, nobelan William Blake idazlearen aipu asko agertzen dira. Izan ere, izenburua haren poema batetik aterata dago.

‘Atezainaren larria penalti-jaurtiketan’

Bestalde, Joxe Mari Berasategik euskaratu berri duen ‘Atezainaren larria penalti-jaurtiketan’ eleberria aurkeztu du. Peter Handke austriarra da idazlea. 1942an jaio zen eta antzerkia, zinemarako gidoiak eta eleberriak idatzi ditu.

1970an argitaratu zuen ‘Atezainaren larria penalti-jaurtiketan’ liburua alemanez. Berasategik azaldu duenez, Josef Bloch da kontakizunaren protagonista, eta ez lanik ez lagunik ez inongo euskarririk ez duela, galduta ibiliko da, hirian lehenik eta mugaldeko landa herrixka batean gero. Eleberrian tartean gertatuko zaizkion hainbat abentura eta gorabehera; ezaxolaz bezala kontatutako krimen bat ere azaltzen dira.

«Bere pertsonaia galduaren bidez gizakiaren noraeza erretratatzen digu Handkek. Arrotza zaion mundua ulertu ezinik, sentimenduak izateko edo gutxienez adierazteko ezgauza, existentziaren absurdoaren aurrean erantzunik gabe, hainbat ekintza gauzatu eta hainbat elkarrizketa edukiko ditu, modu automatikoan», dio Elkar argitaletxeak.