Arnaitz Gorriti

Emakumeen Endesa Ligako euskal taldeek Top 8an amaitu nahi dute urtea

Eguerdian etxean jokatuko dute Lointek Gernikak eta IDK Euskotrenek, Girona eta Ensinoren aurka, hurrenez hurren. Arratsaldean, berriz, Zamarat Ligako azkenaren kantxan jokatuko du Araskik, bosgarren garaipena segudan lortu asmoz.

IDK Euskotrenek garaipenaz ospatu gurako luke 2020ko azken neurketa. (Jon URBE / FOKU)
IDK Euskotrenek garaipenaz ospatu gurako luke 2020ko azken neurketa. (Jon URBE / FOKU)

Emakumeen Endesa Ligak ere agur esango dio igande honetan 2020. urteari. Urtean zehar sortu diren eragozpenak eragozpen, elitean diren hiru euskal taldeek urteari sailkapeneko Top 8an amaitzeko abagunea dute, eta ziur hala gertatuko dela hirurek irabaztea lortuz gero.

Eguerdian, 12.00etan eta 13.00etan, IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak jokatuko dute, hurrenez hurren, etxean biek ala biek. Donostiarrek Lugoko Ensino izango dute aurkari, sailkapenean bederatzigarren sailkatua 7-10 balantzearekin, Azu Muguruzaren taldeak baino garaipen bat gutxiagorekin. Bi garaipenetako aldea era izan zitekeen, baina gipuzkoarrek Gironan ezin izan zuten beren atzekoz aurrerako lana amaitu. Minutu gutxiren faltan 56na berdindu zuten Azu Muguruzarenek, baina indarrik gabe geratu zirelako, 9-2ko partziala jaso zuten eta ezin bueltarik eman.

Horrez gain, azken bi neurketetan IDK Euskotrenek hasiera eskasa izan dute eta hala, atzekoz aurrera egin behar izan dute. Halakorik saihesteko, «40 minutuetan topera» aritu behar direla azpimarratu du Azu Muguruzak. Ez hori bakarrik, Ensinok puntuak sartzeo duen erraztasuna hartu du kontuan, Stanacev edo Vega Gimeno lako jokalariak izanik garrantzitsuenak. «Hiruko jaurtiketa mehatxatzen duten jokalari asko ditu, eta oso adi egon beharko gara, baita haien trantsizio azkarretan ere», esan du.

Lointek Gernika Bizkaiak, berriz, Spar Girona izango du aurkari Malosten –eta Teledeportek eskainiko du, zuzenean–. Azken bi neurketak galtzetik dator talde bizkaitarrak, etxean Valentziaren aurka eta, ezustean, Bembibreren kantxan. Ondorioz, bosgarren postura erori dira Mario Lopezenak.

Ez daude, beraz, mailarik onenean gernikarrak, eta kontuz ibili beharko dute igande eguerdian ere, aurreneko itzulian 60-41 galdu baitzuten Gironan. Eskarmentu handiko jokalariak dauzka talde katalanak, 41 urteko Laia Palau «amona», Julia Reisingerova erraldoia edo Frida Eldebrink eskolta suediarra, kasu. Hori gutxi balitz, Alfred Julbe lako «zakur zahar» bat dute entrenatzaile.

Gernika Bizkaiak, dena den, baditu ere bere armak. Oro har defentsa ona egiten du eta Bjorklund, Roso Buch eta Nogaye Loren mailako jokalariek partida etxekoen aldera ekar lezakete.

Araski, etxetik kanpo

Kutxabank Araskik 18.00etan ekingo dio Zamaraten kantxan. Cadi La Seuri irabazi ondoren, Zamoran emango dio azken ostikada 2020.urteari, Emakumeen Endesa Ligako azken sailkatuaren aurka; 19 partida jokatu ostean, bi baino ez dituzte irabazi Gaztela-Leongoek, eta azken sei neurketak galdu dituzte jarraian.

Araskik, aldiz, azken laur partidak irabazi dituzte eta Liga saillkapeneko zortzigarren posturaino iritsi dira, 8-9 balantzearekin IDK Euskotreneko bat eginda. Kopatik at geratu arren, Madelen Urietarenek titulurako playoffetarako sailkatzea dute xede eta helburuok betetzeko, Zamaraten aurkako partidak irabazi egin behar dira.

Kasualitatez, Valeriya Berezhynskak bere azken talde ohiaren aurka jokatuko du. Orain arte askorik egin ez duen arren, hegal-pibot ukrainiarrak badu talentua eta noiznahi sartuko ditu beregan hain ohikoak diren urruneko hiruko jaurtiketa horiek.