Andres Osa "Sakona"

Urrezko aizkolari, harrijasotzaile eta ingude altxatze txapelketak jokatuko dira Asteasun

Aizkolariek, harrijasotzaileek eta emakume ingude altxatzaileek final handiak jokatuko dituzte ostegun honetan 11.30etan Asteasun. Egur Sport da txapelketaren antolatzailea. 

Virginia Finol, iazko txapelketan. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Virginia Finol, iazko txapelketan. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Asteasuko Usarrabi pilotalekuan, ostegun honetako goizeko 11.30etan aizkolariek, harrijasotzaileek eta emakume ingude altxatzaileek denek final handiak jokatuko dituzte urte zahar eta tristeari erremate bikaina eman nahian. Egur Sport da txapelketa honen arima eta antolatzaile.

Urrezko txapelketan, Eusko Label Sariaren baitan, aizkolariek berebiziko lana izango dute. Kanporaketak gainditu ondoren lau aizkolari iritsi dira finalera eta neurketa estuak espero dira bertan ikustea. Txapelaren gose diren laurak Xabier Zaldua, Oier Kañamares, Julian Olano eta Luis Txapartegi dira eta prestakuntza ona egin dutela adierazi dute.

Zortzi pago enbor kanaerdikoak, (54 ontzakoak) nork azkarrago partitu izango da aizkolari hauek final honetan bete beharko duten lana. Bizitasuna sortuko duen langintza da.

Aizkolari gazteen artean binakako finala ere jokatuko da. Egun erabakigarria heldu da eta eman beharreko guzia emanaz neurketa oso bizia eta atsegina suertatuko da.

Norgehiagokan aizkora dantzatuko duten bikoteak Axel Larrañaga-Ibai Soroa eta Suharri Rodrigez-Jokin Urretabizkaia "Basozabal" dira.

Aski gozoa da hauek bete beharreko lana. Bikote bakoitzak zortzina kanaerdiko  txanda librean ebaki beharko dituzte. Aizkol hotsa etengabekoa noski, aizkora gelditzerik ez dago.

Harrijasotzaileak, hiru bikote

Aizkolarien lana ikusi ondoren harrijasotzaileen txanda izango da. Hauek ere binakako neurketa burutuko dute "Gruas Hiru Sarian". Gorka Etxeberria-Jokin Eizmendi, Jon Unanue "Goenatxo III"-Hodei Iruretagoiena "Izeta IV" eta Urdax  Magunazelaia–Jon Irañeta dira indarrak neurtuko dituzten bikoteak.

Bikote bakoitzak egin beharreko lana da 175 kiloko erretangularra, 138 kiloko kubika, 100 kiloko zilindrika eta 100eko borobila altxatzea. Bakoitzarekin hiru minutuko txanda izango dute. Hauen lana ere oso bizia eta atsegina bihurtzen da; izan ere, txanda librean etenik egin gabe amaitu arte jarraitu behar da, arnasa hartzeko betarik apenas dutelarik.

Azkenik jaialdiari osotasuna erantsiaz, emakumeak egingo dute lana ingudea altxatzen. Partaideak Karmele Gisasola "Zelai III" mallabiarra, Virginia Finol Iruñakoa eta Maika Arostegi Iturengoa dira. Hamar kiloko ingudea, minutu eta erdian, buru gaineko listoia zenbat aldiz jotzen duten izango da hauen lana. Denbora laburra da baina lan itogarria bihurtzen da.