NAIZ
BILBO

Asier Hernandezek hirugarren aldiz irabazi du ‘Cafe Bar Bilbao’ antzerki saria

Asier Hernandez aktore eta antzerkigile donostiar ezagunak eta David Mangana kazetariak idatzitako gidoiek irabazi dute Tartean Hiru Teatroren ‘Cafe Bar Bilbao’ izeneko Teatro Laburreko Gidoien aurtengo sariak. Hirugarrenez irabazi du Hernandezek saria, baina orain, euskarazko lan batekin.

Asier Hernandez eta David Mangana, Mikel Martinez eta Patxo Telleriaren artean. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Asier Hernandez eta David Mangana, Mikel Martinez eta Patxo Telleriaren artean. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Bilboko Plaza Barriko taberna ospetsuaren izena daramaten sariak 2002 urtean hasi ziren banatzen, eta dramaturgoak antzezlan mota hauek, ‘txikiak’, alegia, idaztera animatzea daukate helburu nagusia. Formatu ‘txiki’ honek esan nahi du antzezlanaren beharrizan teknikoak eta artistikoak txikiak direla, eta banaketa eta ekoizpen errazekoak. Urte guzti hauetan egile hasiberriak edo jada aritu askok jaso dute merezitako aitortza. Hauen artean: Arantxa Iturbe, Lutxo Egia, Pako Aristi, Imanol Ituño de Miguel, Teresa Calo, Gaizka Sarasola, Mikel Mikeo, Fredi Paia, Galder Perez, Txema Trujillo edota Aizpea Goenaga. 

Aurten, 18. edizioan, guztira 19 gidoi aurkeztu dira, hauetatik hamabi gaztelaniaz eta beste zazpi euskaraz, gaur Mikel Martinez aktoreak kudeatzen duen taberna honetan jakitera eman denez. Aurtengo irabazleak, arras ezagunak ere euskal antzerkiaren munduan.

Sari hauek jarraipena izango dute, urtero legez, Lautan Hiru antzerki txikiko Bilboko Alde Zaharreko festibalean (euskarazko gidoi irabazlearen irakurketa dramatizatua egingo da datorren martxoaren 4an Bira kulturgunean) eta Pabiloi 6ko teatro laburreko festibalean (ekoizpenerako dirulaguntza).

Bi autore pertsonaien bila

Euskarazko gidoi saritua ‘Kill, Kerra eta Karma’ izenekoa izan da. Egilea, Asier Hernandez da. Aktore profesionala 1985. urtetik (‘Otra vuelta de tuerca’, Eloy de la Iglesia). ‘Hil kanpaiak’ filma estreinatu berri du, ‘El internado-Las cumbres’ telesailean parte hartu du eta orain ‘Sisiforen paperak’ antzezlanean ari da aktore lanetan. Testugilea ere bada eta ‘Cafe Bar Bilbao’ saria irabazi du lehenik ere, gaztelaniaz idatzitako lan birekin: ‘Amor & libertad’ (2003) eta ‘Amor & locura’ (2007), alegia.

‘Kill, Kerra eta Karma’ euskarazko gidoian, bat bateko transformazioa bizi duten hiru lagun aurkezten ditu, eta «guztiek heriotzari, pandemiari, euskara batuari, politikari, transformazio kafkianoari… buruz hausnarketa egingo dute, bakoitzak bere moduan, ordenarik gabe, inongo logikarik gabe, maitasunari eta erditu zituen amari kantu bat eskainiaz», epaimahaiak aipatutakoaren arabera.

Gaztelaniazko saria David Mangana Lopezen ‘El muggin de Proust’ gidoiari eman diote. Mangana kazetaria da eta kultur atalean lan egiten du. Esaterako, ‘Alea’ astekarian iritzi-artikuluak argitaratzen ditu. Duela urte batzuetatik hona, Araia-Asparrengo Umore Antzerki Jaialdian eta Gasteizko Antzerki Eskolako komunikazio arloaz arduratzen da.  2009an ‘Filos’ ipuin-liburua argitaratu zuen, eta hamar literatura-sari baino gehiago jaso ditu urteetan zehar.

‘El muggin de Proust’ topaketa baten inguruko joko eszeniko txiki bat da. Harremanak berez sortzen dira? Bilatzen dira? Behartzen al dira? Emakume bat eta gizon bat egunero gurutzatu egiten dira, goizean, etorbide batean. Halako batean, gizonak buelta eman eta emazteari jarraitzen hasi da.