Dabid Lazkanoiturburu

Bidenek Errusiarekin duen armagabetze nuklearrerako ituna finkatu nahi du

Joe Biden AEBetako presidente berria prest azaldu da Errusiarekin duen armagabetze nuklearrari buruzko ituna beste bost urtez luzatzeko, Moskuri leporatzen dizkion ekimen liskartiak gertutik jarraituko dituela ohartarazi arren.

Militar batek AEBetako presidente berriari ematen zaion maleta nuklearra darama. (Mandel NGAN/AFP)
AEBetako presidente berriari eman ohi zaion maleta nuklearra darama militar batek. (Mandel NGAN/AFP)

AEBetako presidente berriak, Joe Bidenek, datorren otsailaren 5era arte indarrean dagoen armagabetze nuklearrari buruzko ituna, New Start, bost urtez luzatzea proposatu dio Errusiari.

Washingtonek eta Moskuk 2010ean Start Berria sinatu zutenean akordio berririk ezean epea 2026ra arte aurreikusi zuten.

Aste honetan bertan ituna bost urtez luzatzearen alde azaldu da Kremlina eta pasa den asteazkenean kargua hartu zuen Bidenen «proposamen zehatzen» zai zegoen. Beraz, Vladimir Putin Errusiako presidenteak luzapenari oniritzia ematea espero da.

Donald Trumpek, dagoeneko AEBetako presidente ohiak, urtebeteko luzapena baino ez zuen onartzen beste akordio orokor bat lortzen saiatu bitartean.

Trumpek ez zuen akordio gaurkotu bat sinatu nahi Txina itun berrian sartzen ez zen bitartean. Pekinek Moskurekin eta batez ere Washingtonekin alderatuta askoz arma nuklear gutxiago dituela argudiatzen du negoziazio mahaian ez esertzeko eta konpromisorik ez hartzeko. Baldin eta AEBek ez badute Txinak dituen arma nuklearren kopurura mugatzen bere armategia. 

Errusiak, bere aldetik, Britainia Handia eta Estatu frantsesa ere, potentzia nuklearrak izanik, akordio berrian sartu beharko liratekeela ohartarazi du.

Berrarmatze nuklearraren beldur

Mundu osoan dauden arma nuklearraren %90a Errusiak eta AEBek dituzte.

Start Berriak bi aldeen arma nuklear estrategikoak murrizten ditu 2010. urtetik. Bakoitzak 1.550na buru nuklear eta 700na sistema balistiko baino ezin dituzte eduki, 2002an adostu zen itunak aurreikusten zuen %30 gutxiago.  

Adituak beldur dira Start Berria agortzeak berrarmatze nuklear batera eraman gaitzakeela. Izan ere, 1972 urtetik lehen aldiz ez litzateke egongo indarrean bi potentzia nuklear handienen arteko inolako akordiorik.

Moskuri oharra

Jen Psaki Etxe Zuriko prentsa bozeramaileak onartu egin du Star Berria mantentzea AEBen nazio-interesa dela-eta Biden ituna luzatzeko Kremlinekin negoziatzearen alde dagoela, baina Errusiak «bere zuhurtziarik gabeko ekimen liskartiak gertutik jarraituko» dituela eta «erantzukizunak exijituko dizkiola» ohartarazi du.

Horrela, bada, Bidenek zera agindu die inteligentzia zerbitzuei: azken hauteskundeetan ustezko Errusiaren zibereraso erraldoia aztertzea, Alexei Navalniren aurkako ustezko pozoitzea eta atxiloketari buruz ikertzea eta, azkenik, Afganistanen AEBetako soldaduak hiltzeagatik Moskuk talibanei eskaini omen zizkien sariak egiaztatzea.

Bidenen Administrazio berria Errusiaren aurka hitz gogorrak erabiltzen ari da egunotan eta Trumpen Kremlinekiko eta bere «lagun mina» den Putinekiko harrera anbibalentetik aldentzea erabaki du.

Magnatearen negoziatzailea zen Marshall Billingsleak gogor salatu du Gobernu berriaren erabakia. «24 ordu nahikoak izan dira Bidenen taldearentzat Errusiaren aurrean lortu genuena pikutara botatzeko. Luzapenaren trukean ez dugu ezer irabazten», kexu azaldu da.

Adituek ez dute, ordea, hain garbi ikusten Trumpen negoziazio estrategiaren ustezko arrakasta. Izan ere, Iranekin akordio nuklearretik irten zela ahaztu gabe, «Zeru Irekia» ituna ere baliogabetzea lortu zuen eta indar nuklearrak gutxitzeko beste itun bat, INF izenekoa, arrisku larrian jarri zuen Trumpen Administrazioak.

Aitzitik, adituek Bidenen jarrera txalotu dute. «Start Berria luzatzearen eta gaurkotzearen aurka daudenak neurririk gabeko arma lasterketa nahi dutenak dira», ziurtatu du Vipin Narangek, Massachusettseko Institute of Technology-ko irakasleak.