NAIZ

Iruñea lau barrutitan banatu eta euskarazko haur eskola bana ezartzea eskatu dute

Proposamen zehatza helarazi dio Haur Eskolak Euskaraz plataforma nafar Gobernuari. Iruñea lau eremutan banatu dute bi ardatz erabiliz eta horietako bakoitzean euskarazko murgiltze eredua eskaintzen duen haur eskola publiko bana aldarrikatu dute. «Gutxieneko proposamen bat da», nabarmendu dute. 

Haur Eskolak Euskaraz plataformako kideek beren «gutxieneko proposamena» aurkeztu dute. (Iñigo URIZ/FOKU)
Haur Eskolak Euskaraz plataformako kideek beren «gutxieneko proposamena» aurkeztu dute. (Iñigo URIZ/FOKU)

Iruñeko Haur Eskolak Euskaraz plataformak proposamen zehatz bat helarazi die alderdiei, euskarak nafar hiriburuan bizi duen egoera iraultzeko. «Iruñeko mapa lau eremutan banatu dugu bi ardatz erabiliz. Egungo haur eskolen mapak erakusten duen bezala, lau zatitan banatu eta gero, barruti horietako bakar batean baino ez dago euskarazko murgiltze eredua. Gure gutxieneko proposamena hauxe da: barruti bakoitzean euskarazko murgiltze eredua bermatzea», azaldu dute guar Kondestable jauregian egindako agerraldian.

Azken asteetan Nafarroako alderdi politikoekin bilkurak egin dituze, Navarra Sumarekin izan ezik. Bertan, grafikoki egoera zein den azaltzeko mapa bat erabili dute, eta nabarmen ikus daiteke euskal hizkuntza hiraren zati txiki bateko haur eskoletara mugatuta dagoela.

Bilera horietan «borondate eta akordio falta» antzeman dute eta horren aurrean gaur aurkeztu duten alternatiba helarazi diete. «Proposamena, gutxieneko proposamen bat da. Ez da guk nahiko genukeena. Gure eskubide bat izateaz gain, gehiago eskaini izan denean, eskaria egon delako. Eta horretaz gain, 3 urtetik aurrerakoen matrikula handiagoa delako proposamenean eskatzen duguna baino», nabarmendu nahi izan dute.

Modu honetan, behintzat, norberaren auzoan ez bada ondokoan euskarazko murgiltze eredua duen haur eskola publiko bat izatea defendatzen dute. «Proposamenak familiek eskatzen duten gertutasun printzipioa eta oreka geografikoa kontuan hartzen ditu. Horretaz gain, murgiltze eredua defendatzen du euskara ikasteko tresna pedagogiko bakarra bezala, eredu mistoan euskarak pairatzen duen disoluzioaren aurrean. Gaztelerazko murgiltze eredua existitzen den bezala, euskarazko murgiltze eredua exijitzen dugu».

Zentzu horretan, nafar Gobernua babestu duten alderdien akordio programatikoa ekarri dute gogora. «Nafarroako haurren hizkuntza eskubideak behar bezala bermatzen dituen murgiltze ereduaren zabaltzea dugu helburu. Baina aurkezten dugun proposamena egungo egoera desblokeatzeko konpromiso minimoa baino ez da». Honela, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu, Izquierda-Ezkerra eta EH Bildu alderdiei «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko eskatu diete, proposamen hau «publikoki edo idatziz babestea eta PSN eta Hezkuntza Departamentuari helaraztea».

Hau guztia ikustarazteko, Ahotsa.info hedabidearekin batera, erreportai bat argitaratu dute gaur. «Urte asko pasa dira euskara haur eskoletan sartzea lortu genuenetik, eta orain, lehen baino okerrago gaudela esan genezake. Egoera honek txikienen euskara eskubidea urratzen du, euskarazko profila duten plazetan dauden langileak isolatzen ditu eta euskararen ikaskuntza eta erabilera oztopatzen du. Eta hori guztia zergatik eta zertarako, noren edo zeren mesedetan? Hori da erreportaje honen bidez plazaratu nahi izan duguna».

Era berean, urtarrilaren 29an egingo duten manifestaldioaren berri eman dute. Iruñeko Gaztelu enparantzatik abiatuko da, 18:00etan ‘Bidegabekeria! Solución ya!’ lemapean.