San Telmo Museoak Remigio Mendibururen ‘Txalaparta’ eskultura gehitu du bere bildumara

‘Txalaparta’, San Telmo museoko Euskal Artea aretoan ikusgai dagoena, Remigio Mendiburu eskultorearen obraren eta euskal artearen pieza esanguratsua da; baina bere izaera artistikotik harago euskal kulturaren pieza ikonikoa ere bada.

Eskultura, San Telmo museoan. (Oskar MORENO)
Eskultura, San Telmo museoan. (Oskar MORENO)

San Telmo Museoak Remigio Mendibururen (Hondarribia 1931 – Bartzelona 1990) ‘Txalaparta’ (1965) eskultura txertatu du bere bilduman eta erakusketa iraunkorrean. Pieza hau Mendibururen obraren eta euskal artearen pieza esanguratsua da, eta Ez Dok Amairu (1960-70) musika mugimenduaren ikono eta logoa izan zen.

Artistaren familiari erosi dio museoak ‘Txalaparta’; Mendibururen lanak kontserbatu eta ezagutzera emateko lan garrantzitsua egiten du bere familiak, eta haiek erraztu dute ere ‘Txalaparta’ San Telmo Museoko bildumaren parte izatea.

Museoak bazituen Remigio Mendibururen lanaren adibide batzuk bere erakusketa iraunkorrean. Hala, euskal arteari eskainitako aretoan, ‘Burua’ (1979) eta ‘Izenbururik gabe’ (1973-1974) daude.

Baina ‘Txalaparta’ obrak, museaoaren iritziz, 60ko hamarkadako arte eta eskultura mugimenduari eskainitako eremua aberasten eta osatzen du, eta laguntzen du garaiko artistek kultura tradizionalaren sinboloak unean uneko hizkuntzetara egokitzeko eta aldatzeko zuten interesa islatzen.

Horrela, Txalaparta’k Oteiza, Chillida, Amable Arias, Sistiaga, Zumeta, Basterretxea eta Ruiz Balerdiren lanekin partekatuko du espazioa museoan.

Zurezko habeekin egindako lana

Txalaparta hondarribiarrak zurezko habeekin egindako lehen lanetako bat da. Horrela, museoak azaldu du eskultoreak material organiko horrekiko eta herri kulturako elementuekiko zuen interesaren isla dela, bai «poetikoki» zein «kontzeptualki».

1965ean aurkeztu zen lehen aldiz Madrilgo Nebli Aretoan, eta urtebete geroago, Donostiako Barandiaran galerian Gaur erakusketari buruzko erakusketan.

Lau proiektu elkartu ziren galeria horren ibilbide laburrean: Gaur (artea), Argia (dantza), Ez Dok Amairu (musika) eta Jarrai (antzerkia). Topaketa horretatik sortu ziren sormen esparruen arteko zeharkako elkarrizketak, eta Mendibururen piezak lotura berriak sortu zituen landa tradizioaren eta arte garaikidearen artean.

Lanak sortu zuen miresmena zela-eta 1967an Nestor Basterretxea eskultoreak Ez Dok Amairu musika mugimenduaren logotipo eta ikur bilakatu zuen. Eskultorearen ondorengo lanetan ere islatuko da ‘Txalaparta’ren arrastoa, baina bere izaera artistikotik harago, euskal kulturaren pieza ikonikoa bihurtu zen.

«Hausnarketa bisuala»

Honela nabarmentzen du piezaren garrantzia Gregorio Diaz Ereñok, Oteiza Museoko zuzendariak: «‘Txalaparta’ Remigio Mendibururen ibilbide artistikoaren lehen aldiko piezarik esanguratsuenetako bat da, eta adierazten du hirurogeiko hamarkadako euskal artisten asmoa kultura herrikoiaren berezko elementuei esanahi berriak emateko posizio estetiko aurreratuetatik eta bere garaiko lengoaiekin bat etorrita».

Gainera, azaldu du lan hau 1966ko apirilean Donostiako Barandiaran galerian egindako erakusketa mitikoaren parte izan zela. Bertan Gaur Taldea aurkeztu zen, eta Mendiburuk beste artista batzuekin batera parte hartu zuen: Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta.

Talde honen agerpena «aparteko gertaera izan zen eta euskal artearen berrikuntzaren oinarria ezarri zuen», gaineratu du zuzendariak, artistek gizarte-eraikuntzan parte hartzea aldarrikatu zutelako, kultura ofizialaren tarte estuetatik kanpo sortutako adierazpide askeagoak ahalbidetuz.

Horrela, obra musika tresnaren kolpearen kadentziari egindako hausnarketa bisuala dela nabarmendu du, gaur egun euskal kulturaren iruditeriaren parte dena.

Urte haietan, adierazpen musikal ia galdu bat aldarrikatzeko balio izan zuen, goi mailako kulturatik oso urrun zegoela uste zena. Adierazten du Mendiburuk eta bere belaunaldiko beste artista batzuek zuten «konbikzioa forma kulturalak kolektiboarenak direnaren inguruan, eta artistaren erantzukizuna dela forma horiek bereganatzea eta gizarteari itzultzea, sorkuntza artistikoaren hausnarketa prozesutik abiatutako esanahi zabalduagoarekin».

Ildo horretan, obra hau Ez Dok Amairu musika mugimenduaren ikur gisa aukeratzeak Gaur proiektu artistikoak lortu nahi zuen «erresimbolizazio funtzioa» bete zuela eta artearen lurraldea interakzio sozial handiagoko testuinguru berrietara hedatu zuela azpimarratu du.

Beraz, ‘Txalaparta’k «artistak duen borondatea» gorpuzten du eskulturaren praktikatik trama formal eta sinbolikoak aktibatzeko, eta denboran zehar izan duen presentziak garai horretako euskal artearen pieza ikoniko bihurtu du.

Era berean, Mikel Lertxundi artearen historialariak museoarentzako egindako txosten batean ‘Txalaparta’ funtsezko lana dela nabarmentzen du, besteak beste, «Aizkolariari omenaldia (1960) lan garaikidearekin batera artistaren ekoizpen pertsonalenaren sorrera ezartzen duelako: bere hizkuntzaren bilakaera, beste sortzaile batzuen eraginak atzean uzten zituena, Julio Gonzalez edo Picasso kasu, eta euskal mundu atabikoarekin lotzen zuena erabilitako materialaren bidez (egurra) eta interpretatu nahi zuen elementuaren sintesiaren bidez».

Obra erakusketa askotan egon da 1965ean Madrilgo Nebli Aretoan aurkeztu zenetik. Besteak beste, Barandiaran galeriako ‘Gaur Taldea’ erakusketan (Donostia, 1966), Bilboko Arte Ederren Museoko ‘Gaur eta Emen Taldeak’ erakusketan (Bilbo, 1966) eta Veneziako Bienalean (1966). San Telmo Museoan ere ikusi ahal izan da: 1989an, artistari buruzko erakusketa monografiko batean, eta, oraintsuago, 1966 ‘Gaur konstelazioak 2016’ erakusketan, museoak eta Donostia 2016k antolatua.

Azken erakusketa ‘Gaur, 1966: L 'art basque en resistance = Euskal arte ihardukitzailea’ da, Baionako Euskal Museoan (2018).