Arnaitz Gorriti

Zaragozaren aurka jasotako jipoiak behingoan garaipen bihurtu nahi lituzke Bilbao Basketek

Andorraren aurka erakutsitako itxura hobeari jarraituz, denboraldiko bosgarren garaipena lehen bait lehen lortu behar dute bilbotarrek, asteburuon Betisek zein Gipuzkoa Basketek aurkari oso gogorrak dituztela jakinean.

Zaragozaren aurka ezinean dabil Bilbao Basket azken aldian. (E. CASAS / ACB PHOTO)
Zaragozaren aurka ezinean dabil Bilbao Basket azken aldian. (E. CASAS / ACB PHOTO)

Andorran 72-70 galdu zuen joan zen igandean RETAbet Bilbao Basketek. Jonathan Rouselle errekuperatu berri zegoen eta, hala ere, garaipena lortzeko azken baloia Alex Mumbrurenek izan zuten. Andorrakoen defentsa onari esker, Jenkinsen hirukoa erabat desbideratuta atera zen eta, hala, lau garaipenekin jarraitzen du talde bizkaitarrak, Betis eta Gipuzkoa Basketekin berdinean.

Astebete beranduago, «beltzezko gizonek» larunbat gauean, 20.45etan hasita, Casademont Zaragoza izango dute aurkari, eta sailkapen nagusian bi garaipen gehiago baino ez baditu ere, ez da arerio makala izango. Izan ere, Aragoikoen aurka jokaturiko azken neurketetan egundoko belarrondokoak jaso ditu talde bilbotarrak. Esaterako, aurredenboraldian Miribillan jokatu zen partidan 70-100 irabazi zuten Zaragozakoek. Aurtengo ACB Ligan, joan den abenduaren 13an hain zuzen, 105-76 nagusitu ziren Sergio «Oveja» Hernandezen gizonak. Aurreneko laurdena 30-12 amaitu zen eta handik aurrera Bilbao Basket ez zen errakzionatzeko gauza izan.

Hori guztia aintzat hartuta –eta Betisek Unicajaren kontra jokatu behar duela; baita Gipuzkoa Basketek ere Bartzelonaren kontra neurketa oso konplikatua duela jakinean– atzoko jipoiak gaurko garaipen bihurtu nahi lituzte Alex MUmbru, Bilbao Basketeko entrenatzaileak.

«Talde batzuen aurka hobeto moldatzen gara eta bistakoa da Zaragozarekin ez dela horrela. Bada, egin dezakegun bakarra 40 minutuetan kontzebtrazioa mantentzea da lehiakor izango bagara», adierazi du Alex Mumbruk partida bezperako prentsaurrekoan.

Entrenatzaile katalanak ezin izan du beste jokalaririk errekuperatu –Rigo, Balvin, Serron eta Hakanson–, baina asteon Jonathan Rousellek esandakoari so eginez, Bilbao Basketek ez duaka zain egoteko betarik. «Min hartuta daudenak itzuli arte ezin gara otxaroten gelditu. Partidak irabazi behar ditugu», bota du astean zehar «beltzezko gizonen» kapitainak. Rouselle bera duela astebete baino hobeto omen dago eta ez da gutxi, eta Zaragozak ere baditu bajak: Krejci eta San Miguel, alegia, baina baja  hauek ez dira berriak.

Ezin aukeratu

Larunbatekoa «bai ala bai» irabazi beharreko partida dela galdetu zaionean, Alex Mumbruk taldeak «aukeratzeko modurik» ez duela erantzun du. «Partidak aukeratzen hasten bagara esan nahiko luke beste egun batzuetan ez lehiatzea aukeratuko dugula. Sekula baino gehiago partidaz partida joan behar dugu», bota du Badalonakoak.

«Zaragozak partida bakoitzean 90 puntu saskiratzen ditu. Beraz, lehiakor izango bagara, puntuak sartzeko duten erraztasun hori murriztu behar dugu», azpimarratu du Mumbruk.